lunes, 6 de julio de 2009

Txirrindularitza eta musika


Bai, berriro bizikleta kontuak, baina errieta ez egin niri, neu ez bainaiz hasi kontu hauekin. Kontua da, astotxoak e-posta erabili duela Amets Txurrukaren ereserkia denoi bidaltzeko, eta hariari tiraka….

Tom Simpsoni kantatu zion Ruperrek duela urte piloa, B.Atxagaren poema musikatuan. Hankasartze barkaezina egin zuten biek, eta oraindik ez diote bueltarik eman, Simpson Aubisque mendia igotzen ari zela hil zela baitiote, eta mundu osoak daki —beno, Ruperri eta B.Atxagari sinetsi ziotenek salbu— Mont Ventoux igotzen hil zela. Amets Txurrukaren ereserkiak ere B.Atxagak eta Itoizek elkarrekin osatutako abestia du oinarri.
Musika eta txirrindularitza elkarrekin lotuta ageri diren bi adibide baino ez. Baina ba al dakizue zein ziklistak inspiratu duen gehien musika munduan? Armstrongek? Merckxek? Coppik? Ez, ez, ez… Indurainek!! Bai, noski. Indurainek ez du abesti bat merezi —bat baino gehiago egin zioten arren; ezagunena Indurain, Indurain, Indurain… hura—, Indurainek izena eman dio musika talde bati, Mikko Gordon eta Johan Peter Sundberg-ek osatutakoari.

Eta musika eta txirrindularitza aipatuta, ezin ahaztu ziklismoa utzi eta musikari/abeslari egin zirenak. David Bisbal, adibidez. Duela egun gutxi Indurainekin, Olanorekin eta Herasekin Santiago Bidea egin duena. Gehiago ere badira… Badut gogoan bat, orain burura izena ez datorkidan talde bateko bateria jole desertorea bera, Bosforo ingurura emigratu berri duena, Leanizbarrutiaren jarraitzaile sutsua… Jakina badakizuela nor den!

2 comentarios:

  1. Armstrong-en biboteak! Gaur horrek bidea kontrara egin du. Mexiko-meeexiiikoooo... oilarrak bide batez txioka jarri ditu bi gazte pizpirin. Bestela esanda, Egan berria. Zatarra. Gaur txirrindulariak bildu du orkestra, VIII.Sinfonia eraiki nahian. Oker dabil, ordea.

    ResponderEliminar
  2. 90eko hamarkadan, Perico Delgadoren omenez osatuz en Britainia Handian The Delgados. Taldeko kantaria Enma Pollockek bakarkako ibilbideari ekin dio eta iaz saio ederra eskaini zuen Gazteszenan...

    ResponderEliminar