miércoles, 30 de septiembre de 2009

Zulo bat uretan


Bi motibo ditut gaurkoan Iñigo Aranbarri ahotan hartuta etortzeko; batetik Bide Ertzean taldeak gaur aurkeztu duen DVDan ageri delako taldearen inguruko azalpen oso interesgarriak esanez gainera, eta bestetik Euskadi Literatur Sariko finalista izateari uko egin diolako. DVDaz aurrerago hitz egingo dugu, beraz liburua izango dugu aipagai.

Zulo bat uretan (Susa 2008) iaz eman zen argitara, baina nigana uda hasieran-edo iritsi zen besteak beste literatur aholkulari ere badudan Bukcley-k utzita (lasai, hi, laster itzuliko diat eta). Aitortuko dizuet bi aldiz ekin niola liburua irakurtzeari. Lehenegoan ez ninduen engantxatu. Hilabetez edo alboratuta izan ondoren, berriz ekin nion. Nola ekin gainera, di-da batean hasi eta buka egin bainuen. Aitortzen dut, gainera, zatirik handiena blogkideok ederki ezagutzen dugun tabernako txoko preziatuan irakurri nuela. Hasieran hizkuntzarekin-eta lan apur bat eman zidan baina halere benetan gomendagarria liburua. Asmatu huan, Buckley, bai horixe.

Oraingoan baina Euskadi Literatura sarietarako finalista izateari uko egin diolako agertu da prentsan. Izan ere Iñigo Aranbarrik "Utikan" delako manifestua sinatu zuen non zalantzan jartzen diren Jaurlaritzak sariok emateko duen irizpidea.

Kontuak kontu, liburuak merezi du. Ea zuek ere gustoko duzuen.

Aio.

martes, 29 de septiembre de 2009

Pause

Etxeko mikrohuin aparailuak bereak egin zituen, martxan jartzeko modurik ez zegoen. Kostata bere tokitik atera eta dendara eraman nuen, itxaropen handirik gabe. Deia jaso nuen ordu batzuetara, primeran zebilela esanez. Arazorik gabe funtzionatzen zuela. Dendariak telefonoz bestaldean zera esaten zidan: “Aparailu elektronikoak zenbaitetan blokeatu egiten direnez, itzali-piztu eragiketa sinple horrekin berriro martxan jartzen dira”. Arranopola! Deja vú modukoa izan nuen orduan. Internet sarea blokeatzen denean nik horixe egiten dut ba! Nolatan ez nuen burutapen hori izan aparailua etxetik atera aurretik, horixe pentsatuz eskegi nuen telefonoa.

Teknologiaz tutik ere ulertzen ez dugunok, logika sinple horrekin gainditzen dugu trantzea: itzali-piztu. Sofistikazioaren aldrebeskeriak. Eta bide batez, teknologiaz deus ez ulertzen jarraitzeko esperientziak. Mikrohuinena eta Internet sarearena biak ala biak kasu beretsuak eta, sikiera, soluzio merkearekin konpontzen direnak.

Eta pentsatzen jarrita, niretzako ere nahiko nuke aldrebeskeria hori egiteko aukera izatea. Blokeo egoera horietarako hain soluzio sinplea eskura izatea. Etxeko mikrohuin aparailuak bezala, itzali-piztu. Eta ezer gertatu ez balitz bezala, aurrera.

Horixe pentsatzen ari nintzen lehengoan anaiarekin batera Leitzaran bailaratik behera korrika Andoain aldera nentorrela. Nori ez zaio barrenean pause, stop egiteko gogo hori esnatu hainbat egoeren aurrean? Aste hauetan iluntze aldera korrika dabilen jende kopurua handitzen ari da. Gehienak ere Behobiara begira. Eta nik bezalaxe, gogor eutsiko diote pausoari. Pausoari eta pause egiteko tentazioari. Animo!

lunes, 28 de septiembre de 2009

Egunkaria, libre!


Zer esan lehendik esan ez dena Egunkaria auziaz? Zer esan. Estatu arrazoi bihurtua dela dagoeneko, eta horregatik okerrena espero behar dugula, ez justizia. Justiziak Egunkaria libre esan nahi duelako eta horrelako gehiegikeriarik inoiz gehiago egin ez dadin Estatuari zigor eredugarria ere bai.
Zer esan epaiketa hasteko hilabete geratzen den une honetan? Herritar guztien babesa, laguntza, indarra eta elkartasuna beharko dutela auzipetuek. Laguntza ekonomikoa ere bai, kontuak enbargatuta dituzte auzipetuek, eta hein handi batean Egunkariako langile ohien artean sei urteotan hilero jartzen aritu garen poltsari esker aurre egin izan diote auzibideak eragindako gastuei. Bonoak eta elastikoak (hau oraingoz bidean baina laster eskuragarri) dauzkagu salgai, auzibideak une honetan kostu ekonomiko itzela eragingo dietelako auzipetuei eta haien senide eta lagunei.
Langile ohiek batzorde bat daukagu martxan, ekimenak eta bestelakoak koordinatzeko (herri batzordeak, eskualdeetakoak, informazioa,…). Denboraz urri eta jendez ere ez gabiltza soberan.
Egunkariarekin lotura izan zenutenoi ere dei egingo zaizue (Kultura, kirola…) bat egin dezazuen. Egunkariaren aldeko ekimen pertsonalak ere ongi etorriak izango dira (okurritzen zait, apika, toxkikook zuen agerraldietan gogoratzea duela hamar urte sortu zinetenean euskarazko egunkari bakarrak emandako laguntza zuek ezagutarazten…).
Tira, ikusten duzue ez da nire ohiko testu bat. Urgentziak eskatutakotik gehiago du. Aurrerago agian…

Mila esker aunitz lagunok


Meskaleroak zeresan handia izan zuten "Leidor Sessions" diskoaren grabazioan, Bide Ertzeanek asteazken honetan prentsaurrekoan aurkeztuko duen zuzeneko CD-DVDan.
Irudi eder asko daude DVDan. Hau ez duzue topatuko, ordea. Eta hau ere ederra da.
Argazki eta lerro hauen bitartez, mila esker aunitz Meskaleroei, Bide Ertzeaneko kide guztien partez. Zuena ere bada lan berriaren puska handi bat.

domingo, 27 de septiembre de 2009




Bai, badakit garaipenik haundiena Cadel Evansek lortu duela, eta merezi zuela horrelakorik; baina ni bi izenekin geratzen naiz batipat aurtengo txirrindularitzako munduko txapelketari dagokionez: Fabian Cancellara (nire tokaioa) eta Romain Sicard hazpandarra.


Ostiralean beste erakustaldi bat eman zuen suitzarrak. Ikusgarria suertatzen da Cancellara erlojupekoetarako txirrindaren gainean jartzen denean, bat direla dirudite bizikletak eta berak. Txiki utzi zituen denak.


Romain Sicard izan da beste garaileetako bat. Honek ere erakustaldia eman zuen. Zirkuitoan zeuden bi igoeretan aldatz gora hoberena zela argi utzi zuen hurrengo urtean Euskatel-Euskadiko txirrindulari izango den 21urteko Euskaldunak.


Zorionak bioi.


viernes, 25 de septiembre de 2009

Martxaundi

Asteburuak itzal luzea utzi du eta hortxe joan zaigu astea arralde, erreala eta beste hainbat kontuetan. Eta niri, lagunok, Martxaundi ekimenaz hitz egitea ahaztu. Ekimeneko 8 talde trianguloan taularatu ziren aurreko ostiralean, 22:10etan hasita eta 02:ooak arte. Manu militari ibili zen astotxoa, leidorreko hirukote phantastikoa urtarrilean bezala. Ondo joan zen gaua, eta aspaldiko garai eder haiek gogora ekarri genituen bertan izandako batzuk. Martxaundi eskualdeko talde euskaldunen abesti berrien konpilazioa da, askorentzat grabazio txukuna egiteko lehen aukera. Martxaundi azken 16 urteetan, abian jarri den bakoitzeko giro eta konplizitate polita sortu da partaideen artean. Hortxe zebiltzan heavyak, punkiak, metaleroak eta martzianoak hizketan, "hau aurrera atera beharra zagok" edota "ea kontzertu gehiago egiten dizkiagun" esanez. Galtzaundik egiten duen ekimena kultura eta euskara bera prestigiatzeko ideia polita dela deritzot.
meskaletik ari naiz, garagardoa hartzen jarraituko dut xabi express eta toxic twin anaiarekin. Zaindu!
meskalero, irurako kroniken zain gatxeudek! Buckley bonoa erosi diagu, hitz egin ezak hurrengoan egunkaria aferaz. Hire maisutasun horrekin. Torrealdai eta lagunak, zuekin gaude!

lunes, 21 de septiembre de 2009

Ez !


Gure Imanol


Ostegun gaua, Meskal taberna, bada gurean begirada guztiak bereganatzen dituen norbait; eta ez, ez zen Toxic twins taldeko inor, ezta Crazy cymbal ere. Azkenaldian errealzaleon (uste dut athleticen zaleren bat ere badela gurean, zorionekoak zuek...) itxaropen egarria asetzen ari den jokalaria zen: Imanol Agirretxe.

Lasai ederrean zegoen bere (gure) adiskide Bambinarekin berriketan errealaren bi jarraitzaile sutsu gerturatu zitzaizkion arte. Atzo Gironaren aurka ez dakit, baina lehengoan egin zuen regatea Leo Messi berak ere sinatuko zukeen.

Gure animoak bai, horiek bai eskertu zituen, horregatik sartu zituen atzokoan bi gol. Aupa hi!

Berrian irakurritakoa



Igande goiza. Lo hartu ezinik eta gora. Gosarian, kafea mahai gainean eta Berria eskuetan. 15.orrialdean aurkitu nuen eguna alaitu ninduen albistetxoa: "Ekimen faltsu bat debekatzeko eskatu dute", tituluan.
Eta testuan, zera: MADRIL. Zeanuriko «Arralde mendiko presoen aldeko ekimena» debekatzeko eskatu dio Dignidad y Justicia elkarteak Baltasar Garzon epaileari. Asteazkenean jarri zuten elkartasun eguneko kartela, www.askatu.org webgunean. Bertan, Arralde herria aipatzen da, eta Goenkale telesaileko hiru aktore agertzen dira; salaketa jarri duen elkartearen arabera, «presoak» dira.
Bikaina! Lastima Wyomingek ere euskal auzian hanka barruraino sartzen duela. Bestela, bere programarako aproposa da euskal herritar batzuk justiziari-poliziari-ultraeskuindar antolatuari egin dieten irria.
Egoerarik beltzenean ere aurkariari iskin egiteko joera hori miresgarria da. Muniain asko dago Euskal Herrian. Zorionez.

viernes, 18 de septiembre de 2009

Iraila bukaera gogorra

Oporretako buelta benetan gogorra aurtengoa, batzuentzat behintzat, agian hilabete hasiera ez hainbestekoa ,baina a zer bukaera datorkiguna denoi.
Asteburu honetan gure Deabruak Teilatuetan eskoriatzan Berri Txarrak taldeareakin batera jaialdi izugarria, agian hurrengo proposamena "Payola" beraien azken diska, oraindik ez dugu izan gure artean beraz beste baterako utzi behar.
Jaialdia nahiko ez eta Meskaletik 300 metrotara Garagardo Azoka.
Hurrengo asteburuan berriz Iruran San Migelak. Bertatik bi asteburutarako proposamenak, ostirala 25 Joselu Anaiak, iralak 26 Bonberenea Txaranga , Bongo Botrako (reggae, ska, rumba, punk eta cachondeopadre ) talde kataluniarra eta Betagarri talde Arabarra, irailak 2o Erramun Martirikorena eta Mikel Markez, urriak 2 La banda del jefe Bigun (Rock & Roll)nafarrak eta amaitzeko urriak 3 Kale animazio saio interesgarria non sua , dantza eta perkusioa batutzen duten Les Diables de Canovelles talde kataluniarrarekin eta bukatzeko dantzaldia Trikizio taldearekin, beraz badakizue, kabia uzteko eta gure herrira urbiltzeko aukera paregabea. hori dena gutxi ez balitz igande horretan bertan urriaren 4 donostian Kilometroak jaia ospatuko da Gros auzoan, Zurriola aldean.


Beraz lagunak Iraila bukaera gogorra eta urria ere esan bezala ustez behintzat badirudi ekintza beterik datorrela.

jueves, 17 de septiembre de 2009

Gaurko proposamena (2)


Kaixo koadrila.

Duela pare bat aste ekin genion tabernan gustora entzuten ari ginen musika zuei proposatzeari, eta gaurkoan ere badut zer eskaini. Egia esate aldera disko honen berri blogkide dudan Winen bitartez izan nuen, beraz eskerrak berari.

Pete Yorn (New Jersey 1974)eta Scarlett Johansson (New York 1984)bikoak dakarkigun "Break Up" diskoa aurkeztera nator. Disko honetan batipat country doinuak jorratzen dituzte, eta aipagarria da oraino zine mundutik ezagutzen genuen (Woody Allenen musatzat dute) Scarlett Johanssonen ahots goxoa. Pete Yorn berriz azken urteetan jario oparoa izan duen egilea da, izan ere, estudioko bost eta zuzeneko bi lan argitaratu ditu 2000. urtetik hona.
Gustokoa izango duzuelakoan aio.

miércoles, 16 de septiembre de 2009

Hurrengo hitzordua, Meskal-Leidor

Eskoriatzara joateko ahaleginak ez du hutsik egin. Meskaleroak hor aritu dira, jendeari bidaia erraztu asmoz lanean. Busa osatzeko nahikoa jende bildu ez denez, bertan behera geratu da bidaia-proposamena. Hurrengo batean izango da! Meskaleroak Bodegara joaten garenean akaso... Orduan garraiobidea bost plazakoa izango da, esango nuke beraz sold out izango dela. Jendea kanpoan geratuko da. Zinez sentituko dugula...
Garraioaren beharrik ez da izango hurrengo hitzorduan: Meskal-Leidor elkar lotuko ditugu urriaren 23an, 20:30tan eskainiko baita "Leidor Session" bide ertzeanen DVDa Leidor antzokian. Animo lagunok, festa polita zain dugu.

viernes, 4 de septiembre de 2009

Berri Txarrak eta Deabruak Teilatuetan larunbat honetan


Meskaleroek animatzen zaituztete:

Irailak 19, larunbata. Eskoriatza.
Berri Txarrak + Deabruak Teilatuetan zuzenean

Udako irakurtaldia


Udan Morellan nintzela "La Nevera" herriko tabernarekin topo egin genuen. Toki horretan bertan ikusgai dago XIX. mendean lurpean eraikitako 9 metroko zabaleradun eremua. Neguan elur biltegia zen, izozkailu artesanala, jakiak hotz iraunarazteko herritarren artean partitzeko gero.
Udal taberna zen, gazte bikote baten ardurapean. Liburutegi polita zuten denen eskuragarri: ekologismoa, feminismoa, mendizaletasuna... atal ezberdinetan banaturik zegoen.
Jateko, bertako produktu ekologikoak. Eta edateko, bidezko merkataritzatik lortutako kafea eta infusioak.
Taberna hartan sesio ederra eman genuen irakurtzen. Eta neroni oso gustura aritu nintzen irudian agertzen den liburua irakurtzen. Arina, erraza eta atsegina. Meritu handikoa, ekonomia arrotza zaigunarentzat liburu ulergarria idaztea!
Biharamunean handik igaro ginen berriro. "Into the wild" diskoa entzuten zen, eddie vedder pearl jam kantariaren bakarkako lana. esandako guztiarekin, argi da go leku gomendagarria dela Morellako La Nevera taberna.
Bide batez, udazken honetan meskalen asteko diskoa izango al da "Into the wild"? Filma ere oso ona dela esan didate.

miércoles, 2 de septiembre de 2009

Egia galanta

Toxic 1 eta 2 uda hasieran Leon aldean izan ziren asteburu pasa. Korrika saio batzuk egin, hiriburu ederrean barrena ibili... plan polita. Lehen korrika saioan, irudian ikusten ari zareten karteltxoa topatu genuen. Eta hori egia galanta! Handik ordu batzutara busa hartzeko toki beretik igaro ginen, eta ezin argazkia atera gabe alde egin. "–Solo sabemos construir", nahita ere ezin daiteke espainiarren erradiografia hobeagorik egin! Zakilixut handiari bidaliko nioke argazkia "-Tumatxa!" esaldia eransteko.

Gaurko proposamena


Kaixo Lagunok.
Gaurkoan, ekimen berri bati hasera eman nahiko nioke. Azkenaldian tabernan entzuten ari garen diska, edo taldea izango dugu aipagai azalpen txiki batekin.

Zuen gustokoa izango delakoan ekin diezaiogun lanari.

Gaur MGMT taldea hartuko dugu abiapuntutzat. Taldea USAkoa da, Conneticut-en sortua zehatzago izateko; bertako unibertsitatean zebilen ikasle talde batek sortu zuen 2002an. Haseran The Management izena bazuten ere, 2006an MGMT izena hartu zuten Columbia Records zigiluarekin sinatu ostean. Ondoren etorriko zen horren gustora entzuten ari garen "Oracular Spectacular" (2006) diska. Lehen kantua "Time to pretend" ederra da benetan.

Jada aurreratu dute hurrengo urtean entzungai izango dugula album berria, halere, esango dizuet gure bezero bat Parisen izan berri dela berauek ikusten eta itzultzen denean galdetuko diot zuzenean nolako emanaldia duten.

Espero dut lehen proposamen hau gustoko izango duzuela. Hemengo didazue zuen iritzia ezta?

Bitartean ondo izan eta animo!!

Aio.