martes, 29 de septiembre de 2009

Pause

Etxeko mikrohuin aparailuak bereak egin zituen, martxan jartzeko modurik ez zegoen. Kostata bere tokitik atera eta dendara eraman nuen, itxaropen handirik gabe. Deia jaso nuen ordu batzuetara, primeran zebilela esanez. Arazorik gabe funtzionatzen zuela. Dendariak telefonoz bestaldean zera esaten zidan: “Aparailu elektronikoak zenbaitetan blokeatu egiten direnez, itzali-piztu eragiketa sinple horrekin berriro martxan jartzen dira”. Arranopola! Deja vú modukoa izan nuen orduan. Internet sarea blokeatzen denean nik horixe egiten dut ba! Nolatan ez nuen burutapen hori izan aparailua etxetik atera aurretik, horixe pentsatuz eskegi nuen telefonoa.

Teknologiaz tutik ere ulertzen ez dugunok, logika sinple horrekin gainditzen dugu trantzea: itzali-piztu. Sofistikazioaren aldrebeskeriak. Eta bide batez, teknologiaz deus ez ulertzen jarraitzeko esperientziak. Mikrohuinena eta Internet sarearena biak ala biak kasu beretsuak eta, sikiera, soluzio merkearekin konpontzen direnak.

Eta pentsatzen jarrita, niretzako ere nahiko nuke aldrebeskeria hori egiteko aukera izatea. Blokeo egoera horietarako hain soluzio sinplea eskura izatea. Etxeko mikrohuin aparailuak bezala, itzali-piztu. Eta ezer gertatu ez balitz bezala, aurrera.

Horixe pentsatzen ari nintzen lehengoan anaiarekin batera Leitzaran bailaratik behera korrika Andoain aldera nentorrela. Nori ez zaio barrenean pause, stop egiteko gogo hori esnatu hainbat egoeren aurrean? Aste hauetan iluntze aldera korrika dabilen jende kopurua handitzen ari da. Gehienak ere Behobiara begira. Eta nik bezalaxe, gogor eutsiko diote pausoari. Pausoari eta pause egiteko tentazioari. Animo!

No hay comentarios:

Publicar un comentario