miércoles, 16 de junio de 2010

Spotify gauak



Igandean igo omen zen Reala Lehen Mailara. Omen hori ipini dut, partidaren orduan Bide Ertzean Triokoak Elgetako Espaloia Kafe Antzokian ginelako, soinu proba egiten.
Eta Donostia aldean ospakizunak hasi zirenean, gu aipatu aretoko oholtza gainean geunden.

Futbola maite dugu guk ere. Kontzertua atzeratzekotan izan ginen, baina futbola eta rock and rollaren artean, guk zalantza izpirik ez dugu. Gureari heldu genion, serio demonio, Tolosatik eramandako alfonbra gorriaren gainean. Kontzertuaren kronika Iban Arantzabalen blog honetan irakur daiteke.

Argazkia, emanaldiaren ondorengo da. Tartean dira aretokoak, Bide Ertzeanekoak, Gaztelupeko Hotsak-ekoak, gure soinu-teknikaria, Mescaleko nagusia... Espaloia Kafe Antzokiko barraren barruan daude denak. Baina ez galdetu zergatik, nola, zerk eraginda amaitu zuen jendilaje honek barraren barruan.

Spotify dela eta ez dela, rock and rollaren klasikoekin aparretan izan ginen (Rolling Stones, Bob Dylan, Andres Calamaro) eta euskal kantuekin boza urratu genuen (Pier Paul Berzaitzen baratze bat, Morauren Bla, Bla, Bla, Bla).

Komeriak astelehenean iritsi ziren. Baina tira, Spotify bezain inbento ederra da Spidifen-a. Eta horri eskerrak, bestela...