martes, 7 de julio de 2009

Kolore guztietako "santuak"

Ama Kandida santu egingo dutela jakiteak poz handia eragin zuen Andoaingo Kaletxikiko auzotarren artean. Auzoko eta, oro har, Andoaingo biztanleek atsegin handiz jaso dute Ama Kandidaren inguruan Vaticanotik iritsitako albistea. Jai Batzordeak Jesusen Alaben kongregazioa eta, bereziki, Ama Kandida gogoan izan zuen pasa den igandean, auzotarren bazkarian. Urtero legez, lore sortarekin larogei urtetik gorako auzotarrek omentzen dituzte. Oraingoan, lore sorta bana jaso zuten auzoko adinekoek eta baita Ama Kandidaren kongregazioak ere. Esker onez eta hunkituta jaso zuten lore sorta.
Ama Kandidaren beatifikazioa 1996an iritsi zen. Hamairu urteren ostean, aldiz, kanonizazioaren mailarik gorenera iritsi da, santu izendatzeraino. Andoainen dagoeneko herritar asko dago egun handirako bidaia antolatzeko gogoz dagoena. Santifikazioa izan da, beraz, jaietako hizpide nagusia, baina ez bakarra.

Ez da dena ospakizuna izan, ordea, Kaletxikiko jaietan. Larunbatetik iganderako gauean gertaera larria izan zen Ontza elkartearen inguruan, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren parte hartzea beharrezko izan zirelarik. Elkartean bertan antolatu zen disko-jartzaileek sortu zuten soinuaren ondorioz, elkartetik oso gertu bizi den bizilagun batek Udaltzaingoari deitu zion. Bitartean elkartearen kanpoaldean festazaleak pilatzen joan ziren. Halako batean, salaketa jarri zuen pertsona bera pistola eskuan elkartera jaitsi zen, tentsioa eta zalaparta areagotuz. SOS Deiak telefonoan jasotako deiari erantzunez Ertzaintza elkartean agertu zen. Ertzaintzak deklarazioa hartu eta astelehenean epaitegira agertzeko agindua eman zien pistola elkartera jaitsi zuen emakumezkoari eta bere senarrari. Azken hau elkarteko lehendakaria da. Ikustear dago gertaera larri horrek zein ondorio ekarriko dituen aipatutako pertsonengan eta elkartearen zuzendaritzaren baitan.
Ospakizuna, poza eta istiluak; hirurak bat egin zuten Kaletxikiko jaietan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario