lunes, 26 de octubre de 2009

Coffee and cigarettes, Leidor and Meskal



Jim Jarmusch handiaren filmografian harribitxia da “Coffe and cigarrettes”. Collage moduko filmean egoera bitxi ugari aurki daitezke. Istorio horietan guztietan, izenburuak biltzen duen bezala, bi osagaiak zigarroak eta kafea dira.

Gurera etorriz, asteburuko gertaerekin filma egingo bagenu, “Leidor and Meskal” izenburua ipiniko genioke. Eta hortik aurrera, bakoitzaren istorioarekin pasarte bana. Hona, nirea:
Meskalen gautxoriak afaltzeko plana egiten ari dira. Ez da nire aukera, ohean sartzea besterik ez dudalako buruan. Larunbata da. Bezperako festa, lo falta, eguerdiko korrika saioa eta arratsaldeko entsegua… pott eginda nago. Joan aurretik ordea, Meskalen dagoen PC-a eskatu dut. Wi-fi dagoenez geroztik, Internet sarean sartzen naiz tarteka. Fabi Hanek ordenagailua bateria gutxirekin dagoen abixua eman dit. Ez dut atzera egin. Jasotako mezuen artean, Lista izenburu duen bat dago. Jarraitzaile batek bidalitakoa da. Mezuan aipatzen dit Internet sarean badagoela zerrenda bat “personas que apoyan a ETA” izenburukoa eta ohartarazi dit zerrenda horretan nire izena agertzen dela. Hura irakurtzean aurpegiaren kolorea aldatu zait. Clint Eastwood-ek Gran Torinon egin bezala ”-Agrhhhhh!” egin dut, erretxinduta. Googlen bilaketan hasi eta ttak! PC-aren bateria agortu da. ”- Agrhhhhh!” egin dut berriro, are erretxinduago.
Lagunak agurtu eta etxerako bidea egin dut, petralduta erabat.

Etxera iritsi eta beste ezustea. Oparia zain nuen, kutxa handi batetan bilduta. Kutxan honako esaldia: “Lampara declaración de amor”. Eta kutxak zer gordetzen zuen bere baitan? Irudian ikusten ari zarete…

Coffee and cigarettes filmean Tom Waitsek eta Iggy Popek duten aurpegi berarekin nagoela esango nuke. Txepela ni! Ez dut tutik ere ulertzen. Nola da posible hain denbora tarte txikian, bata bestearen atzetik, horrelako egoera xelebreak pairatzea.

Niri gertaturikoak irri egiteko balio dezala; pentsatu eta egin. Sms bidez Mescaleko gautxoriei argazkia bidali diet, honako mezuarekin: “Hauxe da egin didaten oparia. A ze egun arraroa, ohera noa”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario