miércoles, 30 de septiembre de 2009

Zulo bat uretan


Bi motibo ditut gaurkoan Iñigo Aranbarri ahotan hartuta etortzeko; batetik Bide Ertzean taldeak gaur aurkeztu duen DVDan ageri delako taldearen inguruko azalpen oso interesgarriak esanez gainera, eta bestetik Euskadi Literatur Sariko finalista izateari uko egin diolako. DVDaz aurrerago hitz egingo dugu, beraz liburua izango dugu aipagai.

Zulo bat uretan (Susa 2008) iaz eman zen argitara, baina nigana uda hasieran-edo iritsi zen besteak beste literatur aholkulari ere badudan Bukcley-k utzita (lasai, hi, laster itzuliko diat eta). Aitortuko dizuet bi aldiz ekin niola liburua irakurtzeari. Lehenegoan ez ninduen engantxatu. Hilabetez edo alboratuta izan ondoren, berriz ekin nion. Nola ekin gainera, di-da batean hasi eta buka egin bainuen. Aitortzen dut, gainera, zatirik handiena blogkideok ederki ezagutzen dugun tabernako txoko preziatuan irakurri nuela. Hasieran hizkuntzarekin-eta lan apur bat eman zidan baina halere benetan gomendagarria liburua. Asmatu huan, Buckley, bai horixe.

Oraingoan baina Euskadi Literatura sarietarako finalista izateari uko egin diolako agertu da prentsan. Izan ere Iñigo Aranbarrik "Utikan" delako manifestua sinatu zuen non zalantzan jartzen diren Jaurlaritzak sariok emateko duen irizpidea.

Kontuak kontu, liburuak merezi du. Ea zuek ere gustoko duzuen.

Aio.

3 comentarios:

  1. Ez horregatik, Fabi.

    Pozten nauk liburua gustukoa izatea. Esfortzua eskatzen duela? Ados. Baina liburu bat ez da telesail bat, ez luke izan behar behintzat, nahiz eta horretara ohitu gaituzten "best-sellerrek" eta aspaldi euskal idazle askok ere bide hori jorratzen hasi diren.

    Adibide bat jartzeko, eta inor mindu nahi gabe, hor dugu Shakespeare. Aspalditik goi literatura kontsideratua, eta, ondorioz, irakurle "kultuentzat" mugatua edo eskoletan derrigor irakurri beharreko "marroi" gisa hartua, nahiz eta obra osorik irakurri behar ez izan. Bada Shakespearek palkoetarako eta "paradisurako" —hala deitzen zioten "plebea" jartzen zen lekuari— idatzi zituen bere antzezlanak. Alegia publiko guztientzako bere maila sozial eta kulturala gorabehera.

    Aranbarrik ere bai, noski. Publiko ororentzako idazten du, baina adar jotzerik eta engainatzeko asmorik gabe. Estilo ariketak ere badira bereak; ez da kontatzera mugatzen, nola kontatu ere oso garrantzitsua da beretzat. Abiapuntu bat du: irakurlea ez da tontoa, eta, beraz, ez da tontotzat hartu behar, ez zaio dena xehe-xehe eginda eman behar haria galduko duen beldurrez. Irakurleari interpretazioak egiteko tartea ere eman behar zaio, esaten ez dena asmatzen utzi behar zaio, hari horiek lotzen utzi behar zaio.

    "Zulo bat uretan" ehun orrialdeko lan bat izan beharrean doblekoa izan zitekeen, hari guztiak lotzen hasi izango balitz. Baina, Fabi, hobeagoa izango zuan? Ezta hurrik eman ere.

    Euskadi sarietako finalista izendatu dute, berak berariaz duela bi urte eta gehiago ezetz esan eta gero ere; ez duela bere lanik sari horietan ikusi nahi esan zuen, sari horien faltsukeria salatu zuen eta ez zuela parte hartu nahi hipokrisia horretan.

    Bi aldiz zoriondu nuen joan zen astelehenean. Lehenbizi finalista izendatu dutelako eta bigarren ukoari eutsi diolako.

    PS: Goiburu eta Fabi Han hasi dira literaturaz mintzatzen. Neuk ere erronkari eutsiko diot luze baino lehen.

    ResponderEliminar
  2. Ederra nobela. Hasierako puzzlea osatu ondoren, bukaerako zatia abiada bizian irakurtzeko grina pizten dizun horietakoa. Irakurketa asko eman ditzake, edukian zein forman erreparatuz, Buckleyk dioen bezala. Baina kazetari izanik, ikasgai ugari ematen ditu Iñigok (Hitzlandian bezalaxe).

    Maila subjetiboagoan, nire ustez omenalditxo batzuk ere egiten ditu: maiz erabiltzen dituelako Otamendiren poemetako esaldi sueltoak.
    Bestetik, nobelako kazetariak, bereziki kazetari lanean diharduenean, idazlearen lagunmin Alberto Barandiaran ekartzen dit gogora (Berriakoa, eta idazle ere badena; ahaide txikia guretzat, portzierto).

    Zuzenean eta zeharka bada ere, 36ko gerra ere aipatzen du Aranbarrik. Eta nobelagintzan, gai horri buruzko huasnarketak ere eskertzekoak dira, garai hura aztertzeko joera dugunontzat.

    ResponderEliminar
  3. Win, 36ko gerra eta gerraondoaz, baita posfrankismoaren hastapenez urteetan —inoiz ere esango nikek— gurean idatzi den libururik onena —literaturaz ari nauk— "Sua nahi Mr. Churchill" duk.

    Gomendagarria, guztiz, Koldo Izagirrek 2005ean egin zigun proposamena. Gomendagarria hamazazpi ipuinetako kontakizuna bera —Galtzaileen edertasuna hau ere!— eta gomendagarria kontatzeko modua, elipsi eta metafora guztiekin. Astiro leitu, hitz guztiei erreparatu, hau ez duk eta igande goiz bateko paseoa, 8.000ko bat baizik, edo 9c+ bat; zailtasunaren errekonpentsa izugarria.

    Fabi Hanek dauka nik utzi nion alea. Nahi baduzue eskatu berari, oraindik irakurri gabe edukiko duen arren.

    Euskadi Sarien gaineko ika-mika ulertzeko ere balio du liburu honen irakurketak. Liburu onak argitaratu ziren urte horretan, baina Izagirrenaren parekorik ez, ez baita idatzi azken hamarkadan haren parera iritsi denik. Eta hala ere... Jon Alonsok egin zuen salaketa Argian, aurreko edizio batean bera epaimahaikide zela jazo zen irregulartasun larri bat ere bai.

    Argibideak nahi badituzue jo, "Utikan Euskadi Sariak" manifestura http://www.utikan.com eta Jon Alonsok Argian idatzitakora http://www.argia.com/fitx/bestelakoak/26961Jon%20Alonso.pdf

    36koaz beste bi liburu aipatuko dizkizuet.Biak Mario Salegirenak, gazte komunista eta gero ANVkoa izan zena, gerran gudari eta gero AEBetara ihes egin zuena. Han NYTimesen egin zuen lan kazetari gisa eta New Yorken zuen etxea euskaldun askorentzako enbaxada izan zen. Hona bi liburuak "Operación Carlo Magno" fikziozkoa eta "Verano del 36. Memorias de un gudari" testigantzazkoa. Biak dauzkat. Beraz, nahi baldin baduzue eskatu eta Meskalen utziko ditut.

    ResponderEliminar