domingo, 26 de diciembre de 2010

viernes, 24 de diciembre de 2010

Ondo pasa lagunok

Ondo pasa Mescal tabernako lagunok, eta ea kantu honetan hizpide dugun egun hori, 2011n iristen den.

Badator eguna kantua
2010.XII.16. Victoria Eugenia, Donostia. “Don Inorrez” bira.
Kantua: “Badator eguna kantua”. Hitzak: Jose Luis Otamendi. Musika: Bide Ertzean.

martes, 9 de noviembre de 2010

30. Urteurrena




Azaroaren 5ean ospatu genuen meskaltarrok tabernaren 30. urteurrena. Bertan batu ginen lagunen artean, lehengo, oraingo eta nork daki etorkizuneko bezeroak, aspaldiko eta oraingo zerbitzariak...pintxoren bat jan, cava pixkat edan, edo besterik gabe aspadiko adiskideak agurtu eta bide batez azken urteotan Kapitain Pilotu izan dugun Idoia zoriontzeko.
Txaranga eta guzti izan genuen, eta giro bikaina sortu zen guztion artean. Milioika esker gerturatu zineten denoi eta lanean aritu zinetenoi, beste behin ere familia handi bat osatzen dugula erakutsi diguzuelako, ea beste 30 urte baino lehen horrelako beste jai egun bat ospatzeko paradarik dugun. AUPA ZUEK!
Ahaztu baino lehen, Denak tabernakoak ere ospakizunetan dabiltza 10. urteurrena dela eta, Zorionak zuei ere.

martes, 19 de octubre de 2010

Amanita muskaria


Larunbat arratsaldean mendira joan eta argazkian ageri den amanita muskaria perretxikoarekin egin nuen topo. Banekien pozoitsuen sailean sartua zegoela, baina halere hartu egin nuen. Tabernara eraman eta han hasi zen polemika, batzuek pozoitsua zela, besteek aluzinogenoa, besteek ez zela ez bat ez beste... Perretsikoen munduan ere zenbat jakintsu!
Polita bada behintzat ezta!

jueves, 14 de octubre de 2010

Zurekin dantzatu nahi nuke, Bartzelonan...


Bide Ertzean, abenduak 11 larunbata, 20:00etan Bartzelonako Euskal Etxean.
Sarrera, 3 euro (amb consumició...)

sábado, 21 de agosto de 2010

Meskalero xakobeo ?

Beno, argi gera dadin, ez ginan tolosar bakarrak Santiagon, ez dugu argazkirik baino gure lagun Fabi Hanek laister argituko digu kontu hau, bitartean argazki hau utziko dizuet. Kaminante no hay kamino...
Jajajajaja!!!
Budweiser bat?

viernes, 20 de agosto de 2010

Etxean gara berriro

Etxean gara bai berriro Galizatik bueltan. Gurean gauzak ez dira asko aldatu, kalea atontzeko lanek aurrera darraite nahiko erritmo onean eta ez da gutxi. Bezeroak gutaz ez direla ahaztu jakiteak poztu digu berez lanera bueltatzeak dakarren tristura.
Aurten Galizara bueltatu gara eta iaz bezain agur beroa egin digutenez tarte hau gurekin horren eskuzabal izan direnak eskertzeko probestuko dut.
MILA ESKER Txetxo, Leire, Markel eta Ximun (zuen adiskidantzak ez duelako mugarik eta familia ederra osatzen duzuelako), Manolo eta Carol (gau ilunean gose denari jaten ematea baina laguntza hoberik ba hal da?), Tito eta Cristina (zuen alaitasunak ez duelako infinitoa ezagutzen eta gure adiskidantza mantentzeagatik egingo dugu topa!) Pepe, Olga (Kaktusak gorabehera umeekiko adierazten duzun maitasunagatik), Eladino eta bere emaztea (barkatu baina ez naiz zure izenaz horoitzen), Vanessa (gure "polizoi" isila), Mack (ohitua ez zauden lekuetan egonagatik fidel jokatu duzulako eta babesa emateagatik), Autokarabanari (lotarako eta jateko eman diguzun babesak uraren arazoa ahazten lagundu digulako),A Coruñako Acuariumeko langileei...
Zihur ahaztu dudala norbait, eta zuri ere gure eskerrik beroena, ea laster argazkiren bat erakusten dugun, bitartean ondo izan.
Aio

miércoles, 11 de agosto de 2010

Dira, dira, zezenak dira

ASTURIAS, LLANES, PLAYA DEL TORO.
Berandu iritsi gera 00:00 jota eta ez dugu gehiegi ikusten baina pinta ona dauka gauak...

lunes, 9 de agosto de 2010

Lizarbakar


Azken orduko bezeroak

Igande gaua, jende gutxi, itxiera ordua gainean eta etxera joateko gogoa. Lanak zertxobait aurreratzearren, erratza pasatzeari ekin nion. Orduantxe konturatu nintzen atea jotzen ari zela norbait. Marmarka joan nintzen ateruntz, normalean ez zaigu gustatzen azken orduko bezerorik: ezagunen bat bada berandurarte geratzeko arriskua izaten delako eta hurrengo goizean jeikitzeko komeriak, eta ezazaguna bada berriz kanpoan uzteak pena ematen duelako.
Atzokan baina, Karlos Arancegui eta bere (eta gure) lagun Javi Pedreira ziren beste bi adiskiderekin batera sartzeko baimen eske zebiltzanak. Nola ez musika kontuez luze mintzatu ondoren (The Beatles, Frank Zappa, Abbey Road eta beste hainbat) etxera bidean jarri ginen. Berandu.
Lehen esan bezala ez ditugu azken orduko bezeroak gustoko baina atzokoa salbuespena izan zen. Beti bezala plazer bat.

lunes, 2 de agosto de 2010

Bi artista handi

Miguel Rios-Quique Gonzalez, Sos del Rey Católicon, 2010eko uztailaren 30ean.
Bi artista handi elkarrekin. Eta lekuko gisa, meskalero ugari.

domingo, 25 de julio de 2010

Ez berdinak baina bai ederrak


Azken aste honetan, bi kontzertu ikusteko parada izan dut, eta ez zait goiko sinboloa baina hoberik bururatu bien arteko parekotasuna alderatzen jarrita, baina ekin diezaigun aurkezpenetik: Larunbatean Zarautzko Putzuzulo Gaztetxean Mursego eta Deabruak Teilatuetan, Ostegunez gaueko hamarretan eta Lazkaoko plazan Bide Ertzean.
1. Larunbatean taldekideekin joan ginen Meskalero Jauna eta biok, Ostegunean bakarrik joan nintzen. (Non hintzen Buckley?)
2. Larunbatean kontzertuaren hasera 22:ooetan izanagatik zarautzen ginen 17:00etarako, Ostegunean juxtu juxtu iritsi nintzen.
3.Larunbatean bero zen Putzuzulon, hirugarren urtea zuten jarraian bertan gure Deabrutxoek eta hiruetan izerdi patxetan bukatu dugu, Ostegunean aldiz, gezurra zirudien Uztailak 22 zituenik. Frexko zen Lazkaoko plazan.
4. Larunbatean gertu-gertutik ikusi ahal genituen musikariak oholtza bajua zenez, Ostegunean berriz herriko Udaletxeko tabladuan jo zuten eta altuera ederra zuen. Kontzertuaren ostean igotzeko haukera izan nuen eta bertigoa eta dena ematen zuen.
5.Larunbatean kontzertuaren ondoren jende gehienak ospa egin zuen Gaztetxetik, Ostegunean Lazkaoko tabernetan sekulako giroa zegoen parranda latza botatzeko. (Hori bai, musikalki askoz hobea zen entzungai Zarautzen).
Beste hamaika alderaketa ere egin zitezkeen, Zarautzen gure Wim lagunak bost sokako gitarra eskuan eskaini zigun errepertorio oparoa, putzuzuloko gazteek garagardoak gonbidatzeko erabili zituzten ticket bitxiak, Davitxinen bateria berri ederra...

Baina denen gainetik bi kontzertuek bazuten hantzekotasun garrantzitsu bat: bietan ere ederki pasa nuen eta horrek balio du.

Ondo izan.

lunes, 5 de julio de 2010

"Kirola besterik ez dago telebistan"

Horixe bota zidan atzo amak. Ezin ukatu horrela dela, kirolzaleok izaten dugu Uztailean zer aukeratu, izan Frantziako Tourra, arraun denboraldiaren hastapena, Wimbledon... eta hori gutxi ez eta aurten Munduko futbol txapelketa.
Tabernan ere beste konturik ez aspaldion, futbolak hartu du gure berriketaldien haria. Gure desioen eta abertzaletasuren arteko eztabaida ederrak izan ditugu azken asteotan; batzuta eztabaidarik txatxuenetik abiatu eta ondorio ederretara iritsen gara. Zer ote litzateke gure bizitza kirolik eta politikarik gabe...
Orain baina badugu beste eztabaidagai bat, Tourra. Asteleheneko etapan erorketa izan ondoren, Schleck anaiak lau minutu galtzera iritsi ziren, baina orduan Cancellara ahalguztiduna pelotoi buruan jarri eta denak geldiarazi zituen bere taldekideak sar zitezen. Ondo jokatu al zuten beste taldeek edo okasio ederra galdu Andy Schleck jokoz kanpo uzteko?
Hor ez da bukatzen dena ordea, izan ere atzoko etapan, bigarren atalak antzezle nagusi bertsuak izan zituen baina alderantziz. Atzo Andy eta Cancellara (handia haiz benetan) aurrean suertatu ziren besteak harbideetan nahikoa komeria zuten bitartean.
Beste behin pelotoiko ugazaba nor den argi ikusi ahal izan genuen, Fabian Cancellarak atzera begiratu, bere postura dotorea hartu eta pedalei gogor eraginez aurrera jo zuen gainontzeko aurkariei tartetxoa atereaz. Horra berriketarako gaia: zergaitik batzuei itxaron eta besteei ez? Horrenbesterainoko boterea al dute batzuek pelotoian? Cancellara al da galoi guztien jabe?
Petraeus jenelarak berak ere badu nondik ikasia.
Aio.

miércoles, 16 de junio de 2010

Spotify gauak



Igandean igo omen zen Reala Lehen Mailara. Omen hori ipini dut, partidaren orduan Bide Ertzean Triokoak Elgetako Espaloia Kafe Antzokian ginelako, soinu proba egiten.
Eta Donostia aldean ospakizunak hasi zirenean, gu aipatu aretoko oholtza gainean geunden.

Futbola maite dugu guk ere. Kontzertua atzeratzekotan izan ginen, baina futbola eta rock and rollaren artean, guk zalantza izpirik ez dugu. Gureari heldu genion, serio demonio, Tolosatik eramandako alfonbra gorriaren gainean. Kontzertuaren kronika Iban Arantzabalen blog honetan irakur daiteke.

Argazkia, emanaldiaren ondorengo da. Tartean dira aretokoak, Bide Ertzeanekoak, Gaztelupeko Hotsak-ekoak, gure soinu-teknikaria, Mescaleko nagusia... Espaloia Kafe Antzokiko barraren barruan daude denak. Baina ez galdetu zergatik, nola, zerk eraginda amaitu zuen jendilaje honek barraren barruan.

Spotify dela eta ez dela, rock and rollaren klasikoekin aparretan izan ginen (Rolling Stones, Bob Dylan, Andres Calamaro) eta euskal kantuekin boza urratu genuen (Pier Paul Berzaitzen baratze bat, Morauren Bla, Bla, Bla, Bla).

Komeriak astelehenean iritsi ziren. Baina tira, Spotify bezain inbento ederra da Spidifen-a. Eta horri eskerrak, bestela...

viernes, 14 de mayo de 2010

Bat, Bi eta Hiru


Barkatuko dit Meskalero Jaunak baina argazki bera erabiliko dut atzoko gure eginala ilustratzeko, izan ere gu izan gintezkeen atzo.

Andoaingo mendialdeko paraje ederrean ezkutatuta dagoen Garate Studiosen genuen zita, piano eder bezain pisutsu bat igo behar zela bertara eta 10ak alderako zintzo bertaratu ginen 5 lagun. Ez genuen distantzia handirik egin beharrik, hamabostenbat eskailera maila soilik, baina pianoa etsai astuna genuen, 430 kilo inguru.

Jabeak agindu zigun lekuetan jarri, sokak tenkatu eta berak 1, 2, 3 esaten zuenean guk IEUP! eginaz piskanaka bazen ere zentimetro batzuk gora; atsedenaldi laburra eta berriro 1, 2, 3 IEUP! Kostata baina sartu genuen estudioaren areto nagusira.

Espero dezagun atzoko eginalak merezi izatea, baina hori Joserra Senperena maisuaren esku utziko dugu; emaitza udazkenean, Bide Ertzeanen hurrengo diskan entzungai.

viernes, 7 de mayo de 2010

Eugenio Mujika HABEko zuzendaria, by Pato Lucas

2010.V.6. Amasako kultur etxean Beterriko Liburua Literatur Aipamenaren XIV. edizioa. 111 Akademiako irakurleek Irati Jimenezen ‘Nora ez dakizun hori’ izendatu zuten 2009ko libururik gogokoen. Ohi bezala ekitaldira Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Amasa-Villabonako Udaleko ordezkariak etorri ohi dira. Oraingoan Eloi Egibar Larramendi Kultur Bazkunekoa, Maixabel Arrieta Amasa-Villabonako alkatea, Esti Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean eta goian aipatu Eugenio Mujika HABEko zuzendaria Eusko Jaurlaritza ordezkatuz.

Harri eta lur geratu zen bertaratutako hainbat Eugenio Mujika jaunaren korbatarekin. Ikus ezazu argazki hauen bidez, agian irri eginen duzu Amasan beste batzuk egin zuten bezalaxe. Eusko Jaurlaritzaren izenean euskal literaturaren ekitaldi esanguratsuenera modu xelebrean agertu zen jantzita; Eugenio Mujika HABEko zuzendaria, by Pato Lucas.

viernes, 30 de abril de 2010

Jokoaren maitalea eta harroputza


Asteazken gaueko 20:45tan izango al zen telebista aurrean ez zenik? Bartzelona eta Milango Inter parez pare, Txapeldunen ligako finalerdiak, itzulera partidua, Nou Camp mukuru betea eta joaneko emaitzari (3-1) buelta eman behar. Partidak baditu beste pizgarri batzuek ere. Aurkariaren aulkitxoan Mourinho lemazain (bere garaian Bartzelonako bigarren entrenatzaile) eta finalerako hitzartutako zelaia, Santiago Bernabeu, Real Madrile betiko etsaiaren estadioa.

Horrenbeste ikusgai izanda, ezin ba partida ikusteko irrikari eutsi.
Bartzelona jokoan nagusi haseratik, Mottak (hau ere Barçako jokolari ohia) txartel gorria ikusi zuenetik talde bakarra izan zen zelaian; minutuak aurrera zioazen ordea eta golik ezin sartu, estuasuna nagusi. Aukera eder baten ondoren, Piqueren gol polita, baina partida 1-oekoarekin amaitu zenez, Inter finalera.

Partida amaieran bildu ginen Meskalen zenbait ustezko futbol aditu. Bartzelonak hobeto jokatu zuela, Inter ez jolastera etorri zela, Guardiola eta Mourinhoren arteko desberdintasunak...

Ez ditut futbol talde boteretsu eta handiak gustoko, baina onartu behar dut Bartzelona honek azken bi urte hauetan gozarazi didala, ikusgarria dela beraien jokomaila eta neronek ere nahiago nuela Kataluinarrak izatea finalean, baina oraingoan uste dut Mourinho nagusi izan dela, bere probokatzeko joko hori ondo atera zaiola, eta bidenabar Real Madrileko zaleen entrenatzaile kuttun bihurturik milioi zaparrada izangon duela mahai gainean bertara etortzeko.

Azkenean, harroputza garaile.

martes, 23 de marzo de 2010

Liderrez

Pasa den Ostiral gauean Pereza taldea ikustera joan ginen Donostiako Kursaalera. Giro bikaina sortu zuten Madrildarrek eta azkenean kontzertua jai giro ederrean amaitu zuten. Ostiraletik baina, gogoeta bat dabilkit buruan, eta gurean musikaririk badugunez, ea zer iruditzen zaizuen.
Pereza bikotea adibidetzat harturik, orokorrean taldeetako lider edo front man-en irudia ageriko geratzen da zuzenekoetan zen prentsa agerraldietan etab. Lehen aipatu bikotean, Leivak (bikain bai abesten bai kitarra joaz) betetzen du rol nagusia. Nabari da gainera gozatu egiten duela hartu duen jarrera horrekin eta gustoko duela jendearen begiradak berari zuzendurik egoteak. Uste dut talderik gehienetan abeslariak betetzen duela lidertzaren papera, baina AC/DC taldean esaterako Angus Young gitarra jole saltaria dugu arreta erakarle nagusi, eta izango dira adibide gehiago.
Halere ez dakit hau kanporako itsura edo errealitatea ote den, alegia benetako liderra kanpotik nabarmentzen den hori edo ezkutuan dagoen besteren bat ote den itzalean agintzen duena.
Ea zer diozuen zuek. Ondo izan.

miércoles, 10 de marzo de 2010

- Y en el Tío Vinagre... ¿qué pasó?

1995eko urrian Itsumutugor gure lehen diskoa aurkeztu genuen eta abiapuntua zirraragarria izan zen. Diskoa kaleratzeko egun gutxi geratzen ziren, aurretik Hitz egin jaialdian parte hartu genuen, Oiartzungo kirolgunean hamaika talderekin batera eskainitako kontzertu erraldoian. Milaka bildu ziren Esan Ozenkiri elkartasuna adieraztera, Galindo koronel ohiarekin izandako aferaren inguruan.

Gogoan dut gure lehen diskoa kasetean eta CDan argitaratu zela, biniloa albo batera uzten hasi zen garaian justuki. Diskoa han eta hemen aurkeztu genuen, prentsa agerraldien edota zuzeneko saioen bitartez. Gure diskoaren promozioa Madrileraino hedatu zen, Esan Ozenkiren bitartez Circulo de Bellas Artes areto ezagunean ere aurkeztu genuen gure lehen diskoa.

Madrileko egonaldia El Tio Vinagre tabernan abiatu genuen, ondo baino hobeto. Garagardo eta tapa artean hainbat kazetari igaro zen gu elkarrizketatzeko, tartean Kike Babas & Kike Turron kazetari eta musika ekintzaile ezagunak. Tabernako arduraduna Luna zen, eta bikain portatu zen gurekin. Berarekin batera beste emakumezkoa zegoen, guri kañak eta tapak ateratzen. Amparo zen, gerora Amparanoiarekin aski ezagun egin den musikaria.

Handik urte batzura bitxikeria hura gogora ekartzean, Kaki Arkarazo teknikariak ere horrela ezagutu zuela gogoratzen du. “Garai hartan berak aipatu zigun musika egiten zuela… eta, hara, begira noraino iritsi den!”.

Internet sarean arakatzen, Amparanoiak berak tabernari izandako garai hura gogora ekartzen du http://www.radiochango.com webgunean:

“- Y en el Tío Vinagre... ¿qué pasó?

Fundamental. El Tío Vinagre era una tasca típica madrileña, el bar de una amiga, Luna. Yo trabajaba allí poniendo cañas, con Piluca también. El bar tenía mucho ambiente porque poníamos buena música, y cuando estaba más ambientado quitábamos la música y empezábamos a tocar.


Se creó la leyenda de unas chicas en la calle San Carlos que de pronto tocan... y los productores de disco fueron los que realmente vinieron a buscarnos.


Así fue el comienzo, en el Tío Vinagre y tabernas de ese tipo”.


Hasiera haietatik hona hainbat bider agurtu dugu, besteak beste, Garate estudioetan eta hainbat musika jaialdietan. Amparanoiak gogoko du Euskal Herria eta jakin badakigu ilusio berezia egiten diola musika egitasmo berria lehenik eta behin Euskal Herrian aurkeztea. Adiskide ugari egin ditu Euskal Herrian, bereziki Muguruza anaiak eta Kaki Arkarazo. Azken hau Toxic Twins-en disko guztien soinu hartzaile izateaz gain, Amparanoiaren bidetik sortu den Amparo Sanchezen “Tucson-Habana” diskoaren ekoizle izan da. Eta abiatzear den kontzertu biran kitarra joz arituko da.

  • Amparo Sanchezen kantu berriak Andoainen eskainiko dira primizian ostiral honetan
  • 'European Tucson-Habana Tour' Bastero auditorioan abiatuko da martxoaren 12an, 21:30ean.
Emakumearen nazioarteko egunaren harira Andoainen antolatu ohi den zikloaren baitan, nazioarteko estreinaldia burutuko da Bastero auditorioan Amparo Sanchez –lehen, Amaparanoia– kantari ezagunaren bitartez.
Amparo Sanchez Amparanoia izenarekin aski ezaguna izan da orain arte musikagintzan. Urte luzez ibilbide oparoa egin du, eta Euskal Herrian hamaika bider izan da. Hurrengo asteburuan “Tucson–Habana” musika egitasmo eta disko berriarekin bi kontzertu eskainiko ditu Euskal Herrian, Europako birari ekin aurretik. Andoainen beraz estrainekoz eskainiko dira kantu berriak primizian. Hurrengo asteetan “Tucson–Habana” ikuskizuna Espainian, Suitzan, Alemanian, Austrian, Britainia Handian, Belgikan, Frantzian eta Holandan eskainiko da.

Zorte on Amparo!

miércoles, 3 de marzo de 2010

“Zuek jotzen eta ni txoznan lanean!”

Esaldi hori Iosu Esnaola Realeko jokalariarena da. Toxic Twinsen blogean sartu xehetasun gehiago topatuko dituzue...
Klik batean: Toxic Twins

domingo, 21 de febrero de 2010

Quique Gonzalez


Iñauterietako ajea gainetik kendu ezinik genbiltzan. Meskalero sekulako trankazoarekin eta neroni muki jasa izugarriaren ondorioz sudurra gorri gorri nuela. Halere pasa den Abendutik hitzartua genuen Quique Gonzalez ikustera joatea eta ezin huts egin.

Victoria Eugenia dotorearen azpian autoa utzi (pixka bat kosta zitzaigun parkingerako sarrera topatzea) eta prest ginen jaialdia ikusteko. Lehenengo, Bide Ertzean taldea taularatu zen 4 abestiko mini (Karlos gure lagunaren bateria bezala) kontzertua eskaintzera. Hiruko originala zen gainera, eta bi anaiek eta Karlosek bikain probestu zuten atzokoan eskaini zitzaien okasioa. Beste behin ere zorionekoak gu.

Ondoren taularatu zen Quique eta bere taldea. Haseratik ikusi genuen abesten izugarri dabilela madrildarra, baina nire ezkerretara nuen Meskalero eta biok lehen akordetik txunditu gintuena kitarrajolea izan zen: Javi Pedreira. Bikaina.

Kontzertuaren lehen zatian, Daiquiri Blues azken diskoko abestiak jo zituen. Ondoren deitu zituen eskenatokira Bide Ertzeanekoak, hauen "Non dira" kantua elkarrekin abesteko. Esan behar Ikastolan ibili zen 2 egun horietan euskara bikaina irakatsi ziotela Quiqueri. Ederki abestu zuten.

Saioaren bigarren zatian jo zituen bere ibilbideko "hit" gehienak, jendea beraien eserlekuetatik zutitzeraino. Goia joz amaitu zuen luzaroan gogoratuko dugun emanaldia.

Kanpora irten ginenean izan genuen gure lagunak agurtzeko parada. Iñauterietako azken komentarioak egin (Crazy bukatu al dituk festak?) eta garagardo pare bat hartzera joan ginen Quique eta konpainia agertu bitarte. Hauek agertu zirenean, lehen aipatu Javi Pedreira agurtzean jaso genuen ezustekoa. Bera gogoratzen zen gutaz, elkarrekin egonak ginela lehenago. Hala da, Pontevedran pasa den udan Karlos agurtzera joan ginen Amaia Monteroren kontzertuaren amaieran eta bertan zen bera ere. Orain lehen baino are gehiago miresten dugu.

Ke eta garagardo artean agurtu genituen adiskideak beste baterarte. Ordurako ahaztuak genituen muki eta buruko minak.

Lehen esan bezala, ez dugu puska batean atzoko kontzertua ahaztuko beraz zorionekoak gu.

Aio.

jueves, 18 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (amaiera)

Joan dira Iñauteriak eta balantzeak egiteko garaia izateaz gain, nolabaiteko sari banaketa egiteko probestuko dut.
Guretzat uste dut pozik egoteko moduko jaiak izan direla. Lana ondo egin dugu eta ez dugu inolako ezbehar edo istilurik jasan. Ez da gutxi. Orain lehengora bueltatzeko garaia da. Eskertuko dugu ohikotasunera itzulera. Bai guk eta baita gure gibelak ere.
Ekin diezaiegun sariei.
Aurtengo Iñauterizale sari nagusia, Mintxori emango diot. Urtea joan urtea etorri beti disfrutatzen du festez, gustora ibiltzen da bere mozorro eta lagunekin. Irribarrea ezkutatu ezinik.
Errebelazio saria Meskalerori doakio; azken bi urteetan arrazoi desberdinak tarteko, ezin izan ditu gozatu, baina aurten zukua atera die jaiei.
Mozorrorik onenaren saria urtero Iñauterietarako batzen diren 2 edo 3 koadrila desberdini emango diet. Duela urte dexente USA FOR AFRICA kantu ezaguna egin zuten eta kanturako zein bideokliperako artista ezagun ugari batu ziren ( Bruce Sprinsteen, Michael Jackson, Steve Wonder...). Bada hogei lagun inguru batu ziren eta hauetaz atera ziren. Bikain zuek ere.
Agian nire blogkideek izango dute beste norbait saritzeko proposamena, agian Crazyk eta Mugerrek ere mereziko lukete sariren bat, zuen esku utziko dut.
Urtebete baina gehigo falta da Iñauteriak 2011rako Martxoaren 6an izango direlako, baina izango dugu nonbait parranda botatzeko okasioa ezta? Besterik gabe ondo izan.
Aio

miércoles, 17 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Asteartea)

Iritsi da ba Asteartita ere. Egun berezia izaten da hau Tolosar askorentzat, izan ere urtebeterako Iñauteriei agur esateko eguna izateaz gain, parranda ederra botatzeko egun egokia da; giro ona eta jendea ere neurrian.



Beti bezela 5etan edo ireki genuen taberna. Sartu zen lehenengo gazte koadrila eta nekea igartzen zitzaien. Tragoa esku batean, zigarroa bestean eta lurrean eserita. Dantzatzeko ere indarge. Ondoren etorri ziren Meskalero, Goiburu eta konpainia. Hauek oraindik sasoian zeuden, Astelehenez zintzo ibili zirelako, eta parranda hitzartua genuenez ni erreskatatzera zetozen.



Iñauterietako lanak amaitu, lehoi mozorroa jantzi eta parrandara! Meskalero mila esker mozorroagatik, baina joño! ze beroa ematen zuen. Tragoxka batzuek hartu eta Meskalera berriz, han Madrildik zetorren Crazy zain genuen; hau ere gure tropelera batu eta edanera berriz.



Gustora ibili ginen, dantzan, kantuan eta berriketan. Ezagutzen al duzue Iñauteriei amaiera emateko modu hoberik? Lagunarte ona eta alaitasuna ez dugu besterik behar.



Bihar sari banaketa, baina ez nituzke ahaztu nahi Iñauteriak arinagoak izan genitzan ahalegindu zareten guztiok. MILA ESKER ZUEI.



Aio

martes, 16 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Astelehena)

Astelehena Iñauteri egun berezia izaten da lan aldetik. Arratsaldea nolabaiteko lasaitasun batekin hasten da. Igandean eginiko parrandaren nekeak ohera lotzen dituela dirudi gautxorienak ere. Jendea normalean deskantsu on bat hartu ondoren irteten da eta horregatik gau hau eromena izaten da. Gainera Astelehen gau luzatzen eta luzatzen joaten da Astearte goizean Pattar zezenera (goizeko 8etan) iritsi arte.
Egunak aurrera doazela nabari da jada iñauterizale amorratuenetan ere. Hau gehienbat tragoa esketzera datozkizunean nabaritzen da, izan ere bozak huts egiten die eta belarria gerturatu beste erremediorik ez zaigu geratzen zer eskatzen ari zaizkigun asmatzeko.
Atzo gainera Buckley izan genuen tabernan; besteak ikustera ohituago nago, baina hau ez eta ilusioa egin zidan ipurtargiz mozorroturik ikusteak. Noiz arte iraun ote zion argiak?
Atzo bezala gaurkoan ere jai nuen gauez, eta horregatik nire lankideei eskertu nahiko nieke egunero egiten ari diren alegina. Gora zuek.
Beno, bihar azken eguna eguna izaki, Iñauteriak 2010eko sarituak ere hautatu beharko ditut, jada badauzkat izaendatuak buruan, baina gaurko gauak erabakiko du dena, beraz animo eta saiatu lehia irabazten,
Aio

lunes, 15 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Igandea)

Atzo esaten nuen bezala, Egun Haundia iritsi da. Jende ugari izaten da herrian gaur. Arraroa izaten da mozorroturik ez dagoenen bat ikustea Tabernan, baina atzo ere bazen bakarren bat. Nahikoa lan izaten dugu batzuetan barraren bestaldean eskean dugun hori nor den jakiten, baina horrek ere badu bere xarma, etorri zitzaizkigun ezkon soinekoekin kuadrila bat, Superman, untxiak, lorontziak eta beste. Izan nituen baita bisitari Meskalero, Win eta Goiburu. Atzo ere bagenuen zertaz barre egin, eta eskergarria izaten da lanez lepo egonagatik norekin dibertitu topatzea.

Gaur baina, jendeaz ausnartu nahiko nuke, bada Iñauterietan loratzen den pertsona mota bat, kantuak eskatzen dizkizun jendeaz ari naiz. Lagun ugari zure zain zerbait zerbitza diezaiozun eta hauek: "jarri kantu hau, jarri beste hura" errepikatzen. Gogaitzen naute hauek, baina parrandazalez inguraturik egotearen ordaina izango da.
Gauen nik jai izaten dut eta ezin esan nola joan zen, lan hau beste norbaiten esku uztiko dugu ea inor animatzen zaigun. Gaur ekingo diogu jaien azken txanpari beraz animo.
Aio

Iñauteriak 2010 (Larunbata)


Larunbata izango da seguruenik Tolosako Iñauterizaleen artean gutxien gustatzen zaien eguna; izan ere Igande goizeko diana begiz jota edukitzen dute eta goizeko 8etan esna egon nahi duenak Larunbatean luzatzerik ez. Duela urte batzuek, egunik jendetsuenetakoa genuena, egunik apalena da orain, eta hori aprobetxatuz jai hartzen dut egun hau.


Garagardo batzuek hartzeko batu ginen taberna goian ageri den bostekoa, baina pare bat tragoren ondoren, hiru beteranoek ospa egin eta bikote gaztea geratu ginen. Honen aurretik baina, Iganderako mozorroaren aitzakiaz egin genuan nahikoa barre: betaurrekoak zirela, ileordea... Lehen esan bezala baina, bista pixka bat alaitu zutenean, hiruek utzi gintuzten.


Meskalero Jaunak eta neroni, beste trago pare bat hartu, hurrengo baterako mintzagai izango dugun jendearekin egon, Astearterako parranda adostu, Muger aspaldiko laguna agertu eta beste zenbait gauza egin ondoren etxerakoa bidean ginen. Igandea gertu genuen eta oraindik egun luzeak geratzen dira.


Aio

sábado, 13 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Ostiral mehe)

Bigarren eguna ere atzean laga dute aurtengo jaiek. Atzokoa berezia izan zen; xelebrea agian berezia baino gehiago. Bazkalostean, Meskalero jaunak dei egin zidan, bera prest zela lanerako, nik jai hartzeko. Tentazio haundiari aurre eginaz baina, Sheriffari eman nion aukera.
Gaueko hamarretarako prest ginen biok. Kanpoan elurra eta izotza, baina barnean izotz eskasian genbiltzan, jela egiteko makina larri zebilen Goio gure teknikari prestua agertu zen arte. Nolabaiteko emergentziazko konponketa egin eta lanari ekin genion.
Ostirala lanerako oso desberdina izaten da bezperarekin alderatuta. Laneko edo klaseko afariak egiteko hautatutako eguna izaten da. Horrela joan zihoan gaua konbinatu eta garagardo aparretan, aspaldiko lagun bat agertu zenean. Hau sagardotegitik zetorren, lasai antzera zebilen baina bere gustoko musika jarri eta suzpertu zen. Pentsa zenbateraino animatu zen etxeraino joan zela ziztu bizian guk atzorarte ezagutzen ez genuen Love of Lesbian taldearen CD baten bila. Entzun beharko dugu ba hau ere!
Taberna itxi eta Meskalero eta biok pare bat trago hartu eta etxera; oraindik lan asko daukagu eta aurretik.
Aio

viernes, 12 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Ostegun Gizen)

Hasi dira festak ofizialki. Elurrak ere ez zuen aurtengo txupinazoan egoteko okasioa galdu nahi, eta 12tan zintzo demonio bertan egin zuen agerraldia.
Kalean hotza zen nagusi, baina nagiak bide bazterrean utzi eta Tabernan ginen 5etan lanerako prest. Meskalero jauna eta bere lagun Aitor izan ziren agertzen lehenak; beraientzat aurtengo lehen iñauterietako tragoa. Aupa zuek. Lehen esan bezala kalean hotz galanta egiten bazuen ere, jendea garagardo freskoa edateko gogoz zela argi geratu zen arratsaldeko lehen ordutik. Afaltzeko garaian beti bezala jende gutxiago ibili bazen ere gero animatu zen jendea. Bitxia eta aipatu gabe utzi nahiko ez nukeena da baita ere, gurean badela kroadrila bat urtean behin soilik ikusten ditudanak, hemen izaten dira hutsik egin gabe Ostegun Gizenez afalondoren. Gora Anoetako koadrila!
Azken orduan, gurean zen Koldo adiskidea ere. Berrogei urte betetzear da eta bere bizitzan lehenengoz biziko ditu Iñauteriak barraren aurrekaldetik. Urteetan (15ekin hasita) zerbitzari ibili da, Joxepan lehenengo (gure adinekook El Bolas bezala ezagutu genuena), eta 66n gero. Tipo bikaina gure Koldo. Ondo pasa aurten, merezi duk eta!
Horrela joan zen bada osteguna, baina amaitzeko Meskalerok telefonoz utzi didan perla: "Hi, atzo Tolosan ba huan baketak etxean utzi baina armonikaren bila zebilenik". Ederra bota dit! Hasera batean ulergaitza badirudi ere batzuek ulertuko dute.
Gaur bigarren eguna, Show must go on. Aio

Kendu, erantzi mozorroak!

Bai, ez da aholkurik egokiena zuontzat, inauterizaleontzat, baina begira ostiral mehe honetarako Lacandona oihanetik datorkigun mezua.

jueves, 11 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 ( 0 Eguna)

Badira urte batzuek Ostegun Gizen bezperan gaueko 12etan Tolosako Triangulo plazatik txupinazo alternatiboa edo esaten zaiona botatzen dela. Txaranga baten laguntza ere izaten dute eta goruntz doan ekimena da.
Atzo gauean neroni nintzen tabernan lanean. Gaueko 23:45 zirenean Meskal betea zegoen, baina hamar minutu geroago jendeak ziztu bizian ospa egin zuen; iñauteri gose (edo egarri) izango ziren denak. Gauzak bildu, hozkailuak bete eta etxera bidean aurten lehen aldiz txarangaren doinuak entzun nituen elur maluta finak erortzen ziren bitartean. Momentu bitxia.
Beno atzoko txupinazoa eta gaurkoa ere dagoeneko boteak izango dira beraz hasi dadila festa.
Geroarte.

martes, 9 de febrero de 2010

Lagun handiekin, argazki handia



Fabi Hanek bitakora osatzen joaten den bitartean, hemen duela hilabete eskas Donostiako Dokan, Deabruak eta Colemans+ festan, Saioa "Gauilunak" argazkilariak atera zigun erretratu ederra. Blog honetako kide denak gaude lagun handiez inguratuta...
Noiz bilduko gara berriro, akaso urte bukaeran, Victoria Eugenia inguruan? Lehenago ezta? Goiburu, zer diozu?

lunes, 8 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010


Atarian ditugu jada aurtengo Iñauteriak. Batzuek uste dut Iñauterien bezperan izaten den Kaldereroen eguna ondo probestuak ere badirela.

Ni, aitotzen dut ez naizela inoiz festa hauen oso zalea izan; mozorroak, jende ugari kalean, zarata... pereza latza sortzen dit horrek guztiak. Batzuek horiek adinaren kontuak direla esaten hasi zaizkit, baina hurrutira joan gabe, blogkide ditudanetako zenbait ni baino zaharragoak dira eta gogoko dute hori dena.

Aurtengoan, tabernako lanaz aparte, Iñauteri jaien bitakora moduko zerbait egiteko beta ere hartu nahi nuke, beraz ekin diezaiogun lanari Larunbateko festarekin hasita.

Ijitoz edo mozorrotzen da Tolosan jendea Iñauteri aurreko Larunbatean (egia esan ez nuen mozorro asko ikusi). Meskalen bildu ginen Wim, Meskalero, Goiburu eta Crazy cymbal. Miarritzetik zetozen Deabrutxoak, Egunkariaren aldeko jaialdi batean jotzetik. Garagardoak, pin banaketa, batzuek oraindik jasotzeko zituzten opariak, kristal apurtuak eta beste joan zen gaua. Agian norbait oraino ajea pasa gabe egongo da eta ez diogu sobera lan jarriko irakurtzeko beraz amaitutzat emango dut bitakora honen lehen atala. Laster gehiago.

Aio.

viernes, 29 de enero de 2010

Xelebrekeria

Bai badakit ez dela inor ausartzen, niri ere kosta egin zait. Post honekin ataritik joango zaigu eta Fauziya... ay, aurpegiaren ederra! Pasarte amniotiko horiek alde batera utzita, bat etorriko zarete Meskalen inguruko xelebrekeria galantarekin. Gutxitan izaten dira kontzertuak Meskalen, eta hara zer nolako oihartzuna hartu duen hedabideetan ostiral honetarako iragarrita zegoena... Zegoena, izan ere bertan behera geratu da asuntu tekniko-burokratikoengatik. Pena bat da. Fauziyarekin amesten jarraituko dugu... honi ere eromena zor diogulako.

miércoles, 20 de enero de 2010

Fauziya




Hainbeste errusiar emakume xarmanten gutun elektronikoak jaso ostean, horietako bati erantzutea erabaki nuen. Ez zitzaidan zaldun jokaera iruditzen ni ezagutu nahi ninduten dama ederretako inori kasurik ez egitea.

Fauziya zuen grazia posta elektronikoak trukatzea aukeratu nuen printzesak, Errusiako Vladimir hirikoa. 29 udaberri zituen, ederra. Ezagutu egin nahi omen ninduen, nitaz idazteko, berak ere erantzungo zidala.

Gutun batzuk trukatu ostean, aurrez aurre ezagutu nahi ninduela erran zidan. Maitemindu egin nuela, neu ere maiteminduta nengoen galdetu zidan, eta horrela izanez gero, nirekin bizitzera etorriko zela berehala. Hegazkin konpainietara joa zuela ordurako, eta aurkitu zuela hegaldi merkea, nahiz eta berak nahikoa dirurik ez ukan txartela erosteko. 300 euro falta zitzaizkiola, utziko al nizkion galdetu zidan azken mezuan.

Aitortu behar dut, igorri zidan argazkia ikusi orduko maitemindu nintzela neu ere, eta hark bidaiaz hitz egin baino aste batzuk lehenago neu hasia nintzela Errusiara joateko planak egiten. Ezustekoa eman nahi nion, Vladimirren azaldu eta telefonoz deitu. Laneko nagusia konbentzitua neukan Errusia gure negozioak hedatzeko leku egokia litzatekeela eta neu arduratuko nintzela hango bideak urratzen.

Azaldu egin behar izan nion, beraz, Fauziyari, prestatua nuen eta dagoeneko ezinezkoa izango zen sorpresa. Izugarri poztuko zela usten nuen, dena den. Ezustekoa hartu nuen haren erantzuna jasotzerakoan; ezetz, ez joateko Errusiara, leku arriskutsua zela atzerritarrentzako, askoz ere errazagoa litzatekeela hura hona etortzea, seguruagoa, eta, gainera, bera ere itota sentitzen zela Errusian, hanka egin nahi zuela, bera salbatuko zuen printzea izan nahi nuen galdegin zidan, eta 300 euroak gogorarazi zizkidan bukaeran, kontu korronte zenbaki bat eta guzti. Beste argazki bat itsatsi zuen mezuan, arnasik gabe geratzeko moduko horietako bat. “Nahiko bazenu, zure nindukezu” zioen.

Odola bor-borka idatzi nion berehala: “Moskurako hegazkina hartzen dut ordubete barru. Bihar goizean Vladimir-ko aireportura iritsiko naiz. Itxaron iezadazu. 300 euro sartu dizkizut kontu korronte horretan, hiriko hotel batean lehen egun parea erreserba diezadazun”.

Orain hemen nago, Vladimirko aireportuan, maletak oinpean. Lau ordu daramatzat Fauziyaren zain. Agertzen denean elkarri emango diogun besarkadaz pentsatzeak arintzen dit itxaronaldia…

viernes, 15 de enero de 2010

Non izango ote naiz ni...


Non eta nola egongo ote naiz ni hainbat urte barru? Askotan egiten diogu galdera hau geure buruari ezta? Erantzun zaila duen galdera benetan. Nik ez dakit non izango naizen urtebete barru (ezta bi egun barru ere) baina bai non nintzen iazko Urtarrilaren 15ean.


Leidor Sessions diskoaren grabaketa bezpera zen. Bide Ertzeanekoek kontzertua izango zenaren entsegu orokor moduko bat egin zuten Leidorren bertan. Hango butaketan hiru ikusle soil (meskalero, Buckley eta neroni) eta hiruok ikuskizun zoragarriaz gozatzen. Txundituta.


Zorionekoak izan ginen momentu magiko hura bizi ahal izan genuelako, beraz zorionekoak zuek, zorionekoak gu eta zorionak denoi.

martes, 12 de enero de 2010

Geoffrey Gurrumul Yunupingu


Batzuetan, nahi gabe, perla bat topatzen duzu; nire kasuan kasualitatea handiagoa da ez baititut ostrak atsegin. Baina duela aste batzuk egin nuen aurkikuntza.

Azken aldian entzun eta entzun ari naizen artista da Gurrumul. Australiako abeslari eta gitarra jotzaile aborigen honek, jaiotzatik itsu denak, bere hizkuntzan abesten du (yolngu). Australian 200-300 hizkuntza aborigen zeuden, baina gehienak desagertu egin dira. Egun 70 hizkuntzak jarraitzen dute bizirik, eta horietako asko ere desagertzear daude: oso gutxik izango dituzte mila hiztun baino gehiago (tiwi, kala lagaw ya, warlpiri, yolngu...). Euskaraz abesteko animoak ematen ditu, ezta?

Bere lehen albuma, eta oraingoz bakarra (Gurrumul, 2008; egunotan entzuten ari naizena hain zuzen ere) 38 urterekin grabatu du –animoak biderkatu egingo zitzaizkizuen, ezta?–. Lehen lan honekin nazioarteko sari ugari irabazi ditu, Best World Music Album besteak beste. Gainera, Gurrumulek dagoeneko kantatu du artista handi batzuekin (Sting, Elton John...).

Ahots bero eta gozoa, egun lasai hauetarako aproposa. Ea gustukua duzuen.

lunes, 4 de enero de 2010

Ostiral honetan, festa Donostiako Dokan




Duela bi urte, hitza bete eta "1973" diskoarekin itzuli ziren Deabruak Teilatuetan taldekoak. Geroztik kontzertu asko eskaini dituzte. Dokara, unerik gozoenean iritsiko dira. Disko berriko zein disko zaharretako kantuek toki izango dute urtarrilaren 8an eskainiko dute saioan. Arrutik Europa eta Asia partean bidea zabaltzen jarraitzen duen bitartean, Davidek lagunduko gaitu baterian, Donostiko Doka, Azkoitiko Matadeixe eta Bilboko Kafe Antzokiko saioetan. Informazio gehiago: www.deabruakteilatuetan.com

COLEMANS+ lau musikazaleen abentura berria da, baina ez da guztiz ezezaguna. Gonbidatu berezi gisa ariko dira. Crazy Cymbal "Demetradze" (bateria), Toxic Twin 1 "Achinpun" (baxua), Toxic Twin 2 "Dramé" (gitarra eta ahotsa) eta The Voice of the Century "Necati" (gitarra eta ahotsa) musikariek osatzen dute taldea. Euren abestiak entzuteko sartu hemen: www.myspace.com/peiremans


Eguna: urtarrilak 8, ostirala.
Lekua: Doka Kafe Antzokia (Donostia).
Ordua: 20:30.
Sarrera: 6€ aurrez / 8€ bertan.

Urtarrilak 9 larunbata Azkoitiko Matadeixe, 23:00etan.
Urtarrilak 21 osteguna, Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean.