viernes, 29 de enero de 2010

Xelebrekeria

Bai badakit ez dela inor ausartzen, niri ere kosta egin zait. Post honekin ataritik joango zaigu eta Fauziya... ay, aurpegiaren ederra! Pasarte amniotiko horiek alde batera utzita, bat etorriko zarete Meskalen inguruko xelebrekeria galantarekin. Gutxitan izaten dira kontzertuak Meskalen, eta hara zer nolako oihartzuna hartu duen hedabideetan ostiral honetarako iragarrita zegoena... Zegoena, izan ere bertan behera geratu da asuntu tekniko-burokratikoengatik. Pena bat da. Fauziyarekin amesten jarraituko dugu... honi ere eromena zor diogulako.

miércoles, 20 de enero de 2010

Fauziya




Hainbeste errusiar emakume xarmanten gutun elektronikoak jaso ostean, horietako bati erantzutea erabaki nuen. Ez zitzaidan zaldun jokaera iruditzen ni ezagutu nahi ninduten dama ederretako inori kasurik ez egitea.

Fauziya zuen grazia posta elektronikoak trukatzea aukeratu nuen printzesak, Errusiako Vladimir hirikoa. 29 udaberri zituen, ederra. Ezagutu egin nahi omen ninduen, nitaz idazteko, berak ere erantzungo zidala.

Gutun batzuk trukatu ostean, aurrez aurre ezagutu nahi ninduela erran zidan. Maitemindu egin nuela, neu ere maiteminduta nengoen galdetu zidan, eta horrela izanez gero, nirekin bizitzera etorriko zela berehala. Hegazkin konpainietara joa zuela ordurako, eta aurkitu zuela hegaldi merkea, nahiz eta berak nahikoa dirurik ez ukan txartela erosteko. 300 euro falta zitzaizkiola, utziko al nizkion galdetu zidan azken mezuan.

Aitortu behar dut, igorri zidan argazkia ikusi orduko maitemindu nintzela neu ere, eta hark bidaiaz hitz egin baino aste batzuk lehenago neu hasia nintzela Errusiara joateko planak egiten. Ezustekoa eman nahi nion, Vladimirren azaldu eta telefonoz deitu. Laneko nagusia konbentzitua neukan Errusia gure negozioak hedatzeko leku egokia litzatekeela eta neu arduratuko nintzela hango bideak urratzen.

Azaldu egin behar izan nion, beraz, Fauziyari, prestatua nuen eta dagoeneko ezinezkoa izango zen sorpresa. Izugarri poztuko zela usten nuen, dena den. Ezustekoa hartu nuen haren erantzuna jasotzerakoan; ezetz, ez joateko Errusiara, leku arriskutsua zela atzerritarrentzako, askoz ere errazagoa litzatekeela hura hona etortzea, seguruagoa, eta, gainera, bera ere itota sentitzen zela Errusian, hanka egin nahi zuela, bera salbatuko zuen printzea izan nahi nuen galdegin zidan, eta 300 euroak gogorarazi zizkidan bukaeran, kontu korronte zenbaki bat eta guzti. Beste argazki bat itsatsi zuen mezuan, arnasik gabe geratzeko moduko horietako bat. “Nahiko bazenu, zure nindukezu” zioen.

Odola bor-borka idatzi nion berehala: “Moskurako hegazkina hartzen dut ordubete barru. Bihar goizean Vladimir-ko aireportura iritsiko naiz. Itxaron iezadazu. 300 euro sartu dizkizut kontu korronte horretan, hiriko hotel batean lehen egun parea erreserba diezadazun”.

Orain hemen nago, Vladimirko aireportuan, maletak oinpean. Lau ordu daramatzat Fauziyaren zain. Agertzen denean elkarri emango diogun besarkadaz pentsatzeak arintzen dit itxaronaldia…

viernes, 15 de enero de 2010

Non izango ote naiz ni...


Non eta nola egongo ote naiz ni hainbat urte barru? Askotan egiten diogu galdera hau geure buruari ezta? Erantzun zaila duen galdera benetan. Nik ez dakit non izango naizen urtebete barru (ezta bi egun barru ere) baina bai non nintzen iazko Urtarrilaren 15ean.


Leidor Sessions diskoaren grabaketa bezpera zen. Bide Ertzeanekoek kontzertua izango zenaren entsegu orokor moduko bat egin zuten Leidorren bertan. Hango butaketan hiru ikusle soil (meskalero, Buckley eta neroni) eta hiruok ikuskizun zoragarriaz gozatzen. Txundituta.


Zorionekoak izan ginen momentu magiko hura bizi ahal izan genuelako, beraz zorionekoak zuek, zorionekoak gu eta zorionak denoi.

martes, 12 de enero de 2010

Geoffrey Gurrumul Yunupingu


Batzuetan, nahi gabe, perla bat topatzen duzu; nire kasuan kasualitatea handiagoa da ez baititut ostrak atsegin. Baina duela aste batzuk egin nuen aurkikuntza.

Azken aldian entzun eta entzun ari naizen artista da Gurrumul. Australiako abeslari eta gitarra jotzaile aborigen honek, jaiotzatik itsu denak, bere hizkuntzan abesten du (yolngu). Australian 200-300 hizkuntza aborigen zeuden, baina gehienak desagertu egin dira. Egun 70 hizkuntzak jarraitzen dute bizirik, eta horietako asko ere desagertzear daude: oso gutxik izango dituzte mila hiztun baino gehiago (tiwi, kala lagaw ya, warlpiri, yolngu...). Euskaraz abesteko animoak ematen ditu, ezta?

Bere lehen albuma, eta oraingoz bakarra (Gurrumul, 2008; egunotan entzuten ari naizena hain zuzen ere) 38 urterekin grabatu du –animoak biderkatu egingo zitzaizkizuen, ezta?–. Lehen lan honekin nazioarteko sari ugari irabazi ditu, Best World Music Album besteak beste. Gainera, Gurrumulek dagoeneko kantatu du artista handi batzuekin (Sting, Elton John...).

Ahots bero eta gozoa, egun lasai hauetarako aproposa. Ea gustukua duzuen.

lunes, 4 de enero de 2010

Ostiral honetan, festa Donostiako Dokan




Duela bi urte, hitza bete eta "1973" diskoarekin itzuli ziren Deabruak Teilatuetan taldekoak. Geroztik kontzertu asko eskaini dituzte. Dokara, unerik gozoenean iritsiko dira. Disko berriko zein disko zaharretako kantuek toki izango dute urtarrilaren 8an eskainiko dute saioan. Arrutik Europa eta Asia partean bidea zabaltzen jarraitzen duen bitartean, Davidek lagunduko gaitu baterian, Donostiko Doka, Azkoitiko Matadeixe eta Bilboko Kafe Antzokiko saioetan. Informazio gehiago: www.deabruakteilatuetan.com

COLEMANS+ lau musikazaleen abentura berria da, baina ez da guztiz ezezaguna. Gonbidatu berezi gisa ariko dira. Crazy Cymbal "Demetradze" (bateria), Toxic Twin 1 "Achinpun" (baxua), Toxic Twin 2 "Dramé" (gitarra eta ahotsa) eta The Voice of the Century "Necati" (gitarra eta ahotsa) musikariek osatzen dute taldea. Euren abestiak entzuteko sartu hemen: www.myspace.com/peiremans


Eguna: urtarrilak 8, ostirala.
Lekua: Doka Kafe Antzokia (Donostia).
Ordua: 20:30.
Sarrera: 6€ aurrez / 8€ bertan.

Urtarrilak 9 larunbata Azkoitiko Matadeixe, 23:00etan.
Urtarrilak 21 osteguna, Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean.