domingo, 21 de febrero de 2010

Quique Gonzalez


Iñauterietako ajea gainetik kendu ezinik genbiltzan. Meskalero sekulako trankazoarekin eta neroni muki jasa izugarriaren ondorioz sudurra gorri gorri nuela. Halere pasa den Abendutik hitzartua genuen Quique Gonzalez ikustera joatea eta ezin huts egin.

Victoria Eugenia dotorearen azpian autoa utzi (pixka bat kosta zitzaigun parkingerako sarrera topatzea) eta prest ginen jaialdia ikusteko. Lehenengo, Bide Ertzean taldea taularatu zen 4 abestiko mini (Karlos gure lagunaren bateria bezala) kontzertua eskaintzera. Hiruko originala zen gainera, eta bi anaiek eta Karlosek bikain probestu zuten atzokoan eskaini zitzaien okasioa. Beste behin ere zorionekoak gu.

Ondoren taularatu zen Quique eta bere taldea. Haseratik ikusi genuen abesten izugarri dabilela madrildarra, baina nire ezkerretara nuen Meskalero eta biok lehen akordetik txunditu gintuena kitarrajolea izan zen: Javi Pedreira. Bikaina.

Kontzertuaren lehen zatian, Daiquiri Blues azken diskoko abestiak jo zituen. Ondoren deitu zituen eskenatokira Bide Ertzeanekoak, hauen "Non dira" kantua elkarrekin abesteko. Esan behar Ikastolan ibili zen 2 egun horietan euskara bikaina irakatsi ziotela Quiqueri. Ederki abestu zuten.

Saioaren bigarren zatian jo zituen bere ibilbideko "hit" gehienak, jendea beraien eserlekuetatik zutitzeraino. Goia joz amaitu zuen luzaroan gogoratuko dugun emanaldia.

Kanpora irten ginenean izan genuen gure lagunak agurtzeko parada. Iñauterietako azken komentarioak egin (Crazy bukatu al dituk festak?) eta garagardo pare bat hartzera joan ginen Quique eta konpainia agertu bitarte. Hauek agertu zirenean, lehen aipatu Javi Pedreira agurtzean jaso genuen ezustekoa. Bera gogoratzen zen gutaz, elkarrekin egonak ginela lehenago. Hala da, Pontevedran pasa den udan Karlos agurtzera joan ginen Amaia Monteroren kontzertuaren amaieran eta bertan zen bera ere. Orain lehen baino are gehiago miresten dugu.

Ke eta garagardo artean agurtu genituen adiskideak beste baterarte. Ordurako ahaztuak genituen muki eta buruko minak.

Lehen esan bezala, ez dugu puska batean atzoko kontzertua ahaztuko beraz zorionekoak gu.

Aio.

jueves, 18 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (amaiera)

Joan dira Iñauteriak eta balantzeak egiteko garaia izateaz gain, nolabaiteko sari banaketa egiteko probestuko dut.
Guretzat uste dut pozik egoteko moduko jaiak izan direla. Lana ondo egin dugu eta ez dugu inolako ezbehar edo istilurik jasan. Ez da gutxi. Orain lehengora bueltatzeko garaia da. Eskertuko dugu ohikotasunera itzulera. Bai guk eta baita gure gibelak ere.
Ekin diezaiegun sariei.
Aurtengo Iñauterizale sari nagusia, Mintxori emango diot. Urtea joan urtea etorri beti disfrutatzen du festez, gustora ibiltzen da bere mozorro eta lagunekin. Irribarrea ezkutatu ezinik.
Errebelazio saria Meskalerori doakio; azken bi urteetan arrazoi desberdinak tarteko, ezin izan ditu gozatu, baina aurten zukua atera die jaiei.
Mozorrorik onenaren saria urtero Iñauterietarako batzen diren 2 edo 3 koadrila desberdini emango diet. Duela urte dexente USA FOR AFRICA kantu ezaguna egin zuten eta kanturako zein bideokliperako artista ezagun ugari batu ziren ( Bruce Sprinsteen, Michael Jackson, Steve Wonder...). Bada hogei lagun inguru batu ziren eta hauetaz atera ziren. Bikain zuek ere.
Agian nire blogkideek izango dute beste norbait saritzeko proposamena, agian Crazyk eta Mugerrek ere mereziko lukete sariren bat, zuen esku utziko dut.
Urtebete baina gehigo falta da Iñauteriak 2011rako Martxoaren 6an izango direlako, baina izango dugu nonbait parranda botatzeko okasioa ezta? Besterik gabe ondo izan.
Aio

miércoles, 17 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Asteartea)

Iritsi da ba Asteartita ere. Egun berezia izaten da hau Tolosar askorentzat, izan ere urtebeterako Iñauteriei agur esateko eguna izateaz gain, parranda ederra botatzeko egun egokia da; giro ona eta jendea ere neurrian.



Beti bezela 5etan edo ireki genuen taberna. Sartu zen lehenengo gazte koadrila eta nekea igartzen zitzaien. Tragoa esku batean, zigarroa bestean eta lurrean eserita. Dantzatzeko ere indarge. Ondoren etorri ziren Meskalero, Goiburu eta konpainia. Hauek oraindik sasoian zeuden, Astelehenez zintzo ibili zirelako, eta parranda hitzartua genuenez ni erreskatatzera zetozen.



Iñauterietako lanak amaitu, lehoi mozorroa jantzi eta parrandara! Meskalero mila esker mozorroagatik, baina joño! ze beroa ematen zuen. Tragoxka batzuek hartu eta Meskalera berriz, han Madrildik zetorren Crazy zain genuen; hau ere gure tropelera batu eta edanera berriz.



Gustora ibili ginen, dantzan, kantuan eta berriketan. Ezagutzen al duzue Iñauteriei amaiera emateko modu hoberik? Lagunarte ona eta alaitasuna ez dugu besterik behar.



Bihar sari banaketa, baina ez nituzke ahaztu nahi Iñauteriak arinagoak izan genitzan ahalegindu zareten guztiok. MILA ESKER ZUEI.



Aio

martes, 16 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Astelehena)

Astelehena Iñauteri egun berezia izaten da lan aldetik. Arratsaldea nolabaiteko lasaitasun batekin hasten da. Igandean eginiko parrandaren nekeak ohera lotzen dituela dirudi gautxorienak ere. Jendea normalean deskantsu on bat hartu ondoren irteten da eta horregatik gau hau eromena izaten da. Gainera Astelehen gau luzatzen eta luzatzen joaten da Astearte goizean Pattar zezenera (goizeko 8etan) iritsi arte.
Egunak aurrera doazela nabari da jada iñauterizale amorratuenetan ere. Hau gehienbat tragoa esketzera datozkizunean nabaritzen da, izan ere bozak huts egiten die eta belarria gerturatu beste erremediorik ez zaigu geratzen zer eskatzen ari zaizkigun asmatzeko.
Atzo gainera Buckley izan genuen tabernan; besteak ikustera ohituago nago, baina hau ez eta ilusioa egin zidan ipurtargiz mozorroturik ikusteak. Noiz arte iraun ote zion argiak?
Atzo bezala gaurkoan ere jai nuen gauez, eta horregatik nire lankideei eskertu nahiko nieke egunero egiten ari diren alegina. Gora zuek.
Beno, bihar azken eguna eguna izaki, Iñauteriak 2010eko sarituak ere hautatu beharko ditut, jada badauzkat izaendatuak buruan, baina gaurko gauak erabakiko du dena, beraz animo eta saiatu lehia irabazten,
Aio

lunes, 15 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Igandea)

Atzo esaten nuen bezala, Egun Haundia iritsi da. Jende ugari izaten da herrian gaur. Arraroa izaten da mozorroturik ez dagoenen bat ikustea Tabernan, baina atzo ere bazen bakarren bat. Nahikoa lan izaten dugu batzuetan barraren bestaldean eskean dugun hori nor den jakiten, baina horrek ere badu bere xarma, etorri zitzaizkigun ezkon soinekoekin kuadrila bat, Superman, untxiak, lorontziak eta beste. Izan nituen baita bisitari Meskalero, Win eta Goiburu. Atzo ere bagenuen zertaz barre egin, eta eskergarria izaten da lanez lepo egonagatik norekin dibertitu topatzea.

Gaur baina, jendeaz ausnartu nahiko nuke, bada Iñauterietan loratzen den pertsona mota bat, kantuak eskatzen dizkizun jendeaz ari naiz. Lagun ugari zure zain zerbait zerbitza diezaiozun eta hauek: "jarri kantu hau, jarri beste hura" errepikatzen. Gogaitzen naute hauek, baina parrandazalez inguraturik egotearen ordaina izango da.
Gauen nik jai izaten dut eta ezin esan nola joan zen, lan hau beste norbaiten esku uztiko dugu ea inor animatzen zaigun. Gaur ekingo diogu jaien azken txanpari beraz animo.
Aio

Iñauteriak 2010 (Larunbata)


Larunbata izango da seguruenik Tolosako Iñauterizaleen artean gutxien gustatzen zaien eguna; izan ere Igande goizeko diana begiz jota edukitzen dute eta goizeko 8etan esna egon nahi duenak Larunbatean luzatzerik ez. Duela urte batzuek, egunik jendetsuenetakoa genuena, egunik apalena da orain, eta hori aprobetxatuz jai hartzen dut egun hau.


Garagardo batzuek hartzeko batu ginen taberna goian ageri den bostekoa, baina pare bat tragoren ondoren, hiru beteranoek ospa egin eta bikote gaztea geratu ginen. Honen aurretik baina, Iganderako mozorroaren aitzakiaz egin genuan nahikoa barre: betaurrekoak zirela, ileordea... Lehen esan bezala baina, bista pixka bat alaitu zutenean, hiruek utzi gintuzten.


Meskalero Jaunak eta neroni, beste trago pare bat hartu, hurrengo baterako mintzagai izango dugun jendearekin egon, Astearterako parranda adostu, Muger aspaldiko laguna agertu eta beste zenbait gauza egin ondoren etxerakoa bidean ginen. Igandea gertu genuen eta oraindik egun luzeak geratzen dira.


Aio

sábado, 13 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Ostiral mehe)

Bigarren eguna ere atzean laga dute aurtengo jaiek. Atzokoa berezia izan zen; xelebrea agian berezia baino gehiago. Bazkalostean, Meskalero jaunak dei egin zidan, bera prest zela lanerako, nik jai hartzeko. Tentazio haundiari aurre eginaz baina, Sheriffari eman nion aukera.
Gaueko hamarretarako prest ginen biok. Kanpoan elurra eta izotza, baina barnean izotz eskasian genbiltzan, jela egiteko makina larri zebilen Goio gure teknikari prestua agertu zen arte. Nolabaiteko emergentziazko konponketa egin eta lanari ekin genion.
Ostirala lanerako oso desberdina izaten da bezperarekin alderatuta. Laneko edo klaseko afariak egiteko hautatutako eguna izaten da. Horrela joan zihoan gaua konbinatu eta garagardo aparretan, aspaldiko lagun bat agertu zenean. Hau sagardotegitik zetorren, lasai antzera zebilen baina bere gustoko musika jarri eta suzpertu zen. Pentsa zenbateraino animatu zen etxeraino joan zela ziztu bizian guk atzorarte ezagutzen ez genuen Love of Lesbian taldearen CD baten bila. Entzun beharko dugu ba hau ere!
Taberna itxi eta Meskalero eta biok pare bat trago hartu eta etxera; oraindik lan asko daukagu eta aurretik.
Aio

viernes, 12 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 (Ostegun Gizen)

Hasi dira festak ofizialki. Elurrak ere ez zuen aurtengo txupinazoan egoteko okasioa galdu nahi, eta 12tan zintzo demonio bertan egin zuen agerraldia.
Kalean hotza zen nagusi, baina nagiak bide bazterrean utzi eta Tabernan ginen 5etan lanerako prest. Meskalero jauna eta bere lagun Aitor izan ziren agertzen lehenak; beraientzat aurtengo lehen iñauterietako tragoa. Aupa zuek. Lehen esan bezala kalean hotz galanta egiten bazuen ere, jendea garagardo freskoa edateko gogoz zela argi geratu zen arratsaldeko lehen ordutik. Afaltzeko garaian beti bezala jende gutxiago ibili bazen ere gero animatu zen jendea. Bitxia eta aipatu gabe utzi nahiko ez nukeena da baita ere, gurean badela kroadrila bat urtean behin soilik ikusten ditudanak, hemen izaten dira hutsik egin gabe Ostegun Gizenez afalondoren. Gora Anoetako koadrila!
Azken orduan, gurean zen Koldo adiskidea ere. Berrogei urte betetzear da eta bere bizitzan lehenengoz biziko ditu Iñauteriak barraren aurrekaldetik. Urteetan (15ekin hasita) zerbitzari ibili da, Joxepan lehenengo (gure adinekook El Bolas bezala ezagutu genuena), eta 66n gero. Tipo bikaina gure Koldo. Ondo pasa aurten, merezi duk eta!
Horrela joan zen bada osteguna, baina amaitzeko Meskalerok telefonoz utzi didan perla: "Hi, atzo Tolosan ba huan baketak etxean utzi baina armonikaren bila zebilenik". Ederra bota dit! Hasera batean ulergaitza badirudi ere batzuek ulertuko dute.
Gaur bigarren eguna, Show must go on. Aio

Kendu, erantzi mozorroak!

Bai, ez da aholkurik egokiena zuontzat, inauterizaleontzat, baina begira ostiral mehe honetarako Lacandona oihanetik datorkigun mezua.

jueves, 11 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010 ( 0 Eguna)

Badira urte batzuek Ostegun Gizen bezperan gaueko 12etan Tolosako Triangulo plazatik txupinazo alternatiboa edo esaten zaiona botatzen dela. Txaranga baten laguntza ere izaten dute eta goruntz doan ekimena da.
Atzo gauean neroni nintzen tabernan lanean. Gaueko 23:45 zirenean Meskal betea zegoen, baina hamar minutu geroago jendeak ziztu bizian ospa egin zuen; iñauteri gose (edo egarri) izango ziren denak. Gauzak bildu, hozkailuak bete eta etxera bidean aurten lehen aldiz txarangaren doinuak entzun nituen elur maluta finak erortzen ziren bitartean. Momentu bitxia.
Beno atzoko txupinazoa eta gaurkoa ere dagoeneko boteak izango dira beraz hasi dadila festa.
Geroarte.

martes, 9 de febrero de 2010

Lagun handiekin, argazki handia



Fabi Hanek bitakora osatzen joaten den bitartean, hemen duela hilabete eskas Donostiako Dokan, Deabruak eta Colemans+ festan, Saioa "Gauilunak" argazkilariak atera zigun erretratu ederra. Blog honetako kide denak gaude lagun handiez inguratuta...
Noiz bilduko gara berriro, akaso urte bukaeran, Victoria Eugenia inguruan? Lehenago ezta? Goiburu, zer diozu?

lunes, 8 de febrero de 2010

Iñauteriak 2010


Atarian ditugu jada aurtengo Iñauteriak. Batzuek uste dut Iñauterien bezperan izaten den Kaldereroen eguna ondo probestuak ere badirela.

Ni, aitotzen dut ez naizela inoiz festa hauen oso zalea izan; mozorroak, jende ugari kalean, zarata... pereza latza sortzen dit horrek guztiak. Batzuek horiek adinaren kontuak direla esaten hasi zaizkit, baina hurrutira joan gabe, blogkide ditudanetako zenbait ni baino zaharragoak dira eta gogoko dute hori dena.

Aurtengoan, tabernako lanaz aparte, Iñauteri jaien bitakora moduko zerbait egiteko beta ere hartu nahi nuke, beraz ekin diezaiogun lanari Larunbateko festarekin hasita.

Ijitoz edo mozorrotzen da Tolosan jendea Iñauteri aurreko Larunbatean (egia esan ez nuen mozorro asko ikusi). Meskalen bildu ginen Wim, Meskalero, Goiburu eta Crazy cymbal. Miarritzetik zetozen Deabrutxoak, Egunkariaren aldeko jaialdi batean jotzetik. Garagardoak, pin banaketa, batzuek oraindik jasotzeko zituzten opariak, kristal apurtuak eta beste joan zen gaua. Agian norbait oraino ajea pasa gabe egongo da eta ez diogu sobera lan jarriko irakurtzeko beraz amaitutzat emango dut bitakora honen lehen atala. Laster gehiago.

Aio.