miércoles, 20 de enero de 2010

Fauziya




Hainbeste errusiar emakume xarmanten gutun elektronikoak jaso ostean, horietako bati erantzutea erabaki nuen. Ez zitzaidan zaldun jokaera iruditzen ni ezagutu nahi ninduten dama ederretako inori kasurik ez egitea.

Fauziya zuen grazia posta elektronikoak trukatzea aukeratu nuen printzesak, Errusiako Vladimir hirikoa. 29 udaberri zituen, ederra. Ezagutu egin nahi omen ninduen, nitaz idazteko, berak ere erantzungo zidala.

Gutun batzuk trukatu ostean, aurrez aurre ezagutu nahi ninduela erran zidan. Maitemindu egin nuela, neu ere maiteminduta nengoen galdetu zidan, eta horrela izanez gero, nirekin bizitzera etorriko zela berehala. Hegazkin konpainietara joa zuela ordurako, eta aurkitu zuela hegaldi merkea, nahiz eta berak nahikoa dirurik ez ukan txartela erosteko. 300 euro falta zitzaizkiola, utziko al nizkion galdetu zidan azken mezuan.

Aitortu behar dut, igorri zidan argazkia ikusi orduko maitemindu nintzela neu ere, eta hark bidaiaz hitz egin baino aste batzuk lehenago neu hasia nintzela Errusiara joateko planak egiten. Ezustekoa eman nahi nion, Vladimirren azaldu eta telefonoz deitu. Laneko nagusia konbentzitua neukan Errusia gure negozioak hedatzeko leku egokia litzatekeela eta neu arduratuko nintzela hango bideak urratzen.

Azaldu egin behar izan nion, beraz, Fauziyari, prestatua nuen eta dagoeneko ezinezkoa izango zen sorpresa. Izugarri poztuko zela usten nuen, dena den. Ezustekoa hartu nuen haren erantzuna jasotzerakoan; ezetz, ez joateko Errusiara, leku arriskutsua zela atzerritarrentzako, askoz ere errazagoa litzatekeela hura hona etortzea, seguruagoa, eta, gainera, bera ere itota sentitzen zela Errusian, hanka egin nahi zuela, bera salbatuko zuen printzea izan nahi nuen galdegin zidan, eta 300 euroak gogorarazi zizkidan bukaeran, kontu korronte zenbaki bat eta guzti. Beste argazki bat itsatsi zuen mezuan, arnasik gabe geratzeko moduko horietako bat. “Nahiko bazenu, zure nindukezu” zioen.

Odola bor-borka idatzi nion berehala: “Moskurako hegazkina hartzen dut ordubete barru. Bihar goizean Vladimir-ko aireportura iritsiko naiz. Itxaron iezadazu. 300 euro sartu dizkizut kontu korronte horretan, hiriko hotel batean lehen egun parea erreserba diezadazun”.

Orain hemen nago, Vladimirko aireportuan, maletak oinpean. Lau ordu daramatzat Fauziyaren zain. Agertzen denean elkarri emango diogun besarkadaz pentsatzeak arintzen dit itxaronaldia…

1 comentario:

  1. Orain Errusiara joan al haiz? Hemen hego haize epeletan gaudek eta hi hotzak akabatzen...

    ResponderEliminar